150 pertsona elkartu ziren atzo Urdanetako auzo afarian

Eneko Eizagirre Perez

Atzotik hasita, bihar bitarte ari dira ospatzen Urdanetako San Martin jaiak. Hamaika ekintzaz bete dute auzoa antolakuntzako kideek.

Atzo hasi ziren Urdaneta auzoko San Martin jaiak eta antolatzaileen hitzetan, esperotakoa baino jende gehiago ari da gerturatzen festaz gozatzera. Jaiei hasiera eman zieten atzo txupinazoarekin, eta dultzaineroen poteoaren ostean, auzo afariari ekin zioten. Guztira, 150 lagun elkartu ziren eta afalostean, erromeriak eta DJ saioek, musikaz girotu zuten auzoa.

Gaurko egunari dagokionez, estreinakoz jarri dituzte auzoko frontoian puzgarriak haurrentzat. Antolakuntzako kideek diotenez, haurren jolasaek funtzionatuko ote zuten ez bazekiten ere, oso arrakastatsua izaten ari da emaitza. Bestalde, 17:00etan hasi da mus txapelketa Indamendi elkartean eta adin desberdinetako hainbat bikotek hartu dute parte lehiaketan. 21:00etan, afaria egingo dute elkarte bertan Euskal Parrilaren eskutik, eta ondoren, Komerik erromeria izango da frontoian eta DJ Naza Ximor tabernan.

Biharko eguna izango da azkena, eta ekintza desberdinez osatu dute eguna. Adinduei zuzendutako jarduerak izango dira gehien bat, besteak beste, eguerdiko meza. Oilasko biltzeko kideekin izango da bazkaria 14:00etan eta azkenik, festei amaiera emateko, herri kirolak eta erromeria egongo dira frontoian.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide