Foru Aldundiko Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirol sailak aurten ere banatuko ditu Gipuzkoako kirolariek egindako lana aitortzea xede duten sariak. Hain zuzen ere, gizon-emakumeei zuzendutako Gipuzkoa Kirolak saria, Kirol Konpromisoa saria eta Gipuzkoarren Kirola saria banatuko ditu erakundeak, baita Distira eta Enpresa sariak ere.
Gipuzkoa Kirolak sariak –gizon eta emakume– eta Kirol Konpromisoa saria lurraldean gehien nabarmendu direnek jasoko dituzte, eta epaimahai bat arduratuko da sariok zein talderi edo kirolariri eman erabakitzeaz. Gipuzkoarren Kirola saria zeini eman, berriz, herritarrek erabakiko dute boto bidez; honako lotura honetan eman daiteke botoa.
Aldundiak azaroaren 17ko gauerdira arteko epea jarri du Gipuzkoarren Kirola sarirako boza emateko, eta hainbat kirolari izendatu ditu sari hori jasotzeko hautagai. Tartean dira eskualdeko hainbat: Elene Fresco, Nora Merino eta Nagore Altza eskubaloi jokalari zarauztarrak; Koxme Burutaran Orioko arraunketa elkarteko kidea; Malen Monasterio ZKE Halterofiliako kirolari zarauztarra; Irati Osa piraguista zumaiarra; Usoa Ostolaza txirrindulari zarauztarra; eta Orioko Arraun Elkartea.
Aldundiak abenduaren 11n Eibarko Coliseo antzokian egingo du sari banaketa ekitaldia, Kirol Galaren barruan. Zuhaitz Gurrutxagak gidatuko du saioa.