'Artea, emakumeen artean' organo eta biolin kontzertua emango dute bihar Urrestillan

Nerea Uranga

Iraia Bereziartua biolin jotzailea eta Itziar Urbieta organista. (Guka)

Gipuzkoako Organoak Zikloaren 37. edizioaren barruan organo eta biolin kontzertua eskainiko dute bihar, ostirala, Itziar Urbieta organistak eta Iraia Bereziartua biolin jotzaileak Urrestillako parrokian. 19:00etan hasiko da kontzertua. Musika erromantikoa joko dute, denak XIX. eta XX. mendeko emakume konpositoreen obrak.

37. Gipuzkoako Organoak Zikloa osatzeko zortzi kontzertu antolatu ditu Fray Joseph Echevarria elkarteak, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin. Ziklo horretako hurrengo kontzertua Urrestillako parrokian izango da, bihar, ostirala, 19:00etan hasita. Artea, emakumeen artean kontzertua eskainiko dute Itziar Urbieta organistak eta Iraia Bereziartua biolin jotzaileak. Biak musikari azpeitiarrak.

Biharko kontzertuan XIX. eta XX. mendeko musika erromantikoa joko dute, emakume konpositoreek sortutako obrak guztiak. Honakoa da interpretatuko duten programa: Elegie op.13, nº3, Johanna Senfter (1879-1961), Romance op.22 eta Elegie op34, Dora Pejacevic (1885-1923); Romance op.22 nº2, Clara Schumann (1819-1896); Nocturne, Lili Boulanger (1893-1918); Improvisation**, Nadia Boulanger (1887-1979); eta La Nef Sacree, Offertoire*; Menditation, Concertino op.107, Cecile Chaminade (1857-1944). "Tartean badira pieza intimoak, baina kontzertua bukatzeko obra distiratsu bat interpretatuko dugu. Iraiak [Bereziartua] biolinarekin interpretatuko ditu piezak eta lan bat biolarekin, eta obra bakarra joko dugu organoan bakarrik", azaldu du Itziar Urbieta organistak.

Aurtengo Gipuzkoako Organoak Zikloaren barruan hiru kontzertu antolatu dituzte Urola Kosta eskualdean. Bihar Urrestillan izango da. Azaroaren 15ean (19:00), berriz, Zumaiako parrokian Myriam Ulangak eta Roberto Nuñok eskainiko dute kontzertua eta azaroaren 22an (12:00), Aizarnako elizan, Mikel Ansolak joko du organo kontzertua.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide