Lasao auzoan prest dira San Martin jaiak ospatzeko. Gero eta egun gutxiago falta dira auzo horretako jaiei ekiteko; izan ere, datorren astean egingo dituzte festetako ekintzak, hilaren 13an, ostiralez, eta hilaren 14an, larunbatez. 20:30ean txupinazoa jaurtita hasiko dituzte ostiralean sanmartinak ofizialki. Segidan, auzoko sagardoen dastaketa egingo dute, auzoko elkartean; pintxoak eta sagardoa eskainiko dituzte.
Nolanahi ere, Lasaoko jaietako egunik indartsuena, egitarauari dagokionean behintzat, hilaren 14a izango da. 11:00etan, meza egingo dute, eta 11:30ean hamaiketakoa eskainiko diete auzoko adinekoei. Otordu hori girotzen, gainera, Itzeder eta Txibilter trikitilariak arituko dira. 13:30ean, berriz, haurrek eta gaztetxoek botako dute txupinazoa, eta segidan, buruhandiak aterako dira kalera. 14:00etan, haurren eta gaztetxoen arteko bazkaria egingo dute.
Larunbat horretan, ordea, izango da ekintza gehiago ere; arratsaldean eta gauean izango dira hitzorduak. 15:30ean, auzotarren arteko mus txapelketa jokatuko dute, eta 16:00etan, haurrentzako puzgarriak jarriko dituzte frontoian. 20:30ean, azkenik, bertso afaria egingo dute elkartean. Andoni Egaña eta Amets Arzallus arituko dira bertsotan, eta hakien batera Itzeder eta Txibilter trikitilariak. Bertso afarirako izena eman beharko da, eta horretarako, azaroaren 10era arteko epea eman dute antolatzaileek. Lasaotarren Whatsapp taldean edota 658 73 18 32 telefono zenbakira deituta eman beharko da izena.
Hona hemen Lasaoko sanmartinetako egitaraua, osorik:
Ostirala, azaroak 13:
- 20:30. Txupinazoa.
- 21:00. Lasaoko sagardo dastaketa. Pintxoak eta sagardoa elkartean
Zapatua, azaroak 14:
- 11:00. Meza.
- 11:30. Hamaiketakoa auzoko adinekoekin. Trikitilariak: Hitzeder eta Txibilter.
- 13:30. Haur eta gaztetxoen txupinazoa. Segidan, buruhandiak.
- 14:00. Haur eta gaztetxoen bazkaria.
- 15:30. Auzotarren arteko mus txapelketa.
- 16:00. Puzgarriak frontoian.
- 20:30. Bertso-afaria. Bertsolariak: Andoni Egaña eta Amets Arzallus; trikitilariak: Hitzeder eta Txibilter.