Soinu Loturaken bigarren jaialdia atzo hasi zuten, eta jaialdiak gaur Azpeitirako bidea hartu aurretik, Zestoan egin zuen geldialdia. Izan ere, kontzertu gastronomiaz gozatzeko aukera izan zuten Laiak dendaren ezkaratzean bildutakoek. Edurne Zabalo klarinete jotzaileak eta Gorka Hermosa akordeoi jotzaileak jotako musika piezen artean, pintxoak jateko eta ardoak dastatzeko aukera izan zuten ekitaldira batutakoek.
Azpeitiko Metal Boskoteak eta Donostiako Francisco Escudero kontserbatorioak elkarlanean antolatu dute Soinu Loturak jaialdia, eta gaur, larunbata Azpeitian egingo dute jaialdiaren ekitaldi nagusia. Egitasmoaren helburua da maila eta adin desberdinetako haize instrumentuetako ikasle gazteak elkartzea eta emanaldi bateratu bat prestatzea. Kontserbatorioko eta hainbat musika eskolatako ikasleek elkarrekin entseatzeko, musika partekatzeko eta beste musikari batzuk ezagutzeko aukera izango dute. "Topaketa honen bidez, musikarien komunitatea sendotu, musika eskolen eta kontserbatorioaren arteko zubiak eraiki eta etorkizuneko musikarien arteko harreman berriak sustatu nahi ditugu", adierazi dute antolatzaileek.
Egitaraua
Hona hemen gaur Azpeitian egingo duten egitaraua:
08:45. Harrera eta taldeen banaketa, Azpeitiko Udal Musika Bandaren egoitzan.
09:00. Beroketa saioa. Talde bakoitza dagokion gelara bideratuko da.
09:45. Lehen entsegua, taldeka.
11:00. Hamaiketakoa, Soreasu antzokiko sarreran.
11:20. Bigarren entsegua, Soreasu antzokiko agertoki nagusian.
12:30. Atsedenaldia.
13:00. Kontzertua, Soreasu antzokian.
14:30. Bazkaria, Sanagustin kulturgunean. Bazkaria aukerakoa izango da.
18:30. Klarinete kontzertua, Basazabal jauregian.Sbs Kuartet eta Zamacois laukotea.