Igandean zabalduko dute Azkoitia-Azpeitia maratoi erdian izena emateko epea

Ane Olaizola

Maratoi erdiko hainbat korrikalari, Azkoitiko Plazaberritik igarotzen. (Andoni Elduaien)

Xeye atletismo taldeak, guztira, 1.800 dortsal jarriko ditu salgai martxoaren 20an jokatuko diren bi probetarako: 1.200 maratoi erdirako, eta 600 zortzi kilometroko lasterketarako. RockTheSport webgunean eman beharko da izena. 

Xeye atletismo taldeak igandean, azaroaren 1ean, jarriko ditu salgai martxoaren 20an jokatuko duten Azkoitia-Azpeitia lasterketarako dortsalak. Guztira, 1.800 dortsal salduko dituzte antolatzaileek: 1.200 maratoi erdirako, eta gainontzeko 600ak zortzi kilometroko lasterketarako. Korrikalariek RockTheSport atariaren bidez eman beharko dute izena. 

Maratoi erdian parte hartu nahi dutenek 25 euro ordainduko dute izen ematea, eta 18 euro lasterketa motza egin nahi dutenek. Era berean, gero eta korrikalari gehiagok eman izena, orduan eta garestiagoa izango da prezioa. Ordea, aurten parte hartu duten korrikalariek bi euroko deskontua izango dute proba batean zein bestean, eta atletismoan federatuta daudenek hiru euro gutxiago ordainduko dute maratoi erdian, aseguruaren estaldura federazio lizentzian barne dutelako eta eguneko asegurua ordaindu beharrik ez dutelako.

Datorren urteko probaren kirol marka ofiziala izango Otso Sport, eta horrenbestez, etxe horrek diseinatutako bi kamiseta ereduren artean aukeratuko dute korrikalariek izena ematerakoan. Era berean, abenduaren 31 baino lehen izena ematen dutenek bigarren kamiseta 15 eurotan eta kopetako zinta 5 eurotan erosteko aukera izango dute. 

Datorren martxoaren 20an, Korrikalari sena lelopean jokatuko dute Azkoitia-Azpeitia lasterketa, eta beste behin Diego Garcia atleta izango dute gogoan. Ohiko moduan, eliteko atletak eta herri korrikalariak elkartuko dira egun horretan.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide