EH Bilduk Urola Kostako hondakinen kudeaketaren inguruko zehaztapen batzuk egin ditu

Enara Ariznabarreta

Hondakinak biltzeko edukiontziak. (Guka)

Urola Kostako EAJren azken adierazpenei erantzunez, EH Bilduk tasen eguneraketa, kontratu berriaren kostua eta zerbitzuaren tramitazioaren atzerapena azaldu ditu.

Urola Kostako EAJk hondakinen bilketa zerbitzuari eta tasei buruz azken egunetan egindako adierazpenei erantzun die EH Bilduk, eta herritarrek gaiaren inguruko informazio osoa eta zehatza izan dezaten hainbat azalpen eman ditu. Koalizioaren arabera, hondakinen kudeaketa oinarrizko zerbitzu publikoa denez, haren kudeaketa "datu egiaztagarriez eta gardentasunez" azaltzea eskatzen du.

Hondakinen tasei dagokienez, EH Bilduk azaldu du legeak ezartzen duela tasak zerbitzuaren une bakoitzeko kostuak estaltzeko kalkulatu behar direla. Proposatutako eguneraketa azken urteotan izandako kostu igoerei erantzuten dietela azpimarratu du, tartean langileen soldata igoerei. Gainera, informazio hori EAJri helarazi zitzaiola ere gogorarazi du koalizioak.

EH Bilduren hitzetan, jeltzaleek aukera izan zuten "prozesuan ekarpenak egiteko, bai tasaren egiturari dagokionez, bai igoerak banatzeko moduari dagokionez". Dena den, ez zutela proposamen alternatiborik aurkeztu, eta azkenean proposamenaren aurka bozkatu zuela nabarmendu du.

Kontratu berriaren kostua

Zerbitzuaren kontratu berriari dagokionez, EH Bilduk adierazi du "egungoak baino kostu handiagoa" izango duela. Hala ere, kopuru hori ezin dela behin betiko kalkulatu lizitazio prozesua amaitu arte zehaztu du. Horregatik, "kostu hori une honetan tasetan sartzea ez litzateke legearekin bat etorriko".

Koalizioak "kontratu berriak zerbitzuaren hainbat hobekuntza" ekarriko dituela azpimarratu du. Besteak beste, "garbiketa indartzea, edukiontziak eta kamioiak berritzea, eta gaur egun udalerri batzuetan soilik eskaintzen diren bilketa zerbitzuak eskualde osora zabaltzea" aurreikusten du.

Tramitazioaren atzerapena

Tramitazioari dagokionez, EH Bilduk aitortu du prozesuak aurreikusitakoa baino gehiago atzeratu direla. Aldi berean, gogorarazi du gaur egun indarrean dagoen zerbitzua "aurreko agintaldian esleitutako kontratu bera" dela. Hori dela eta, EAJk gaur egun egiten dituen zenbait kritika bere garaian alderdi horrek bultzatutako kontratuari ere badagozkiola defendatu du.

EH Bilduren hitzetan, herritarrek gaiaren inguruko informazio "serioa eta zorrotza" merezi dute, eta "desadostasun politikoak zilegi badira ere, eztabaidak datuetan, txosten teknikoetan eta proposamen zehatzetan oinarritu behar" duela nabarmendu du.

Urola Kostako Udal Elkarteko lehendakari Ion Arozenak alderdi guztiei eskatu die eztabaida "eraikitzailean" garatzeko, informazio osoa emanez eta herritarren interesak lehenetsiz.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide