PISA txostena, pantailak eta zapatak

Mailo Oiarzabal

(Argazkiak: Unsplash)

Irakurmenean, matematikan zein zientzian, beherako bidean jarraitzen du Hego Euskal Herriko bigarren hezkuntzako ikasleen mailak. Hori ondorioztatu daiteke, behinik behin, PISA txostenaren azken edizioan jasotako emaitzei erreparatuta. PISAk aurkeztutako argazkiak Urola Kostako ikasgeletan ikusten dutenaren antz faltarik ez duela adierazi dute erreportaje honetarako hitz egin duten profesionalek, baina argazki osoak beste kolore eta osagai batzuk ere baditu, eta horiek ere kontuan hartzearen beharra azpimarratu dute.

Hezkuntza ez da izan ohi albistegiak irekitzen dituzten edo egunkarien azaletan hizki larriz idatzitako albisteen iturri, baina badira salbuespenak, eta beste gai gehienekin gertatzen den moduan, hezkuntzak ere albiste txarrak-edo tartean direnean ematen ditu lerroburu potoloenak. Uda hasieran selektibitateko euskara azterketaren zero famatuak izan ziren; uda bukaeran, berriz, PISA txostenak harrotu ditu hautsak. Zehatzago esanda, OCDE Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundeak sustatutako Ikasleen Ebaluaziorako Nazioarteko Programan (PISA, Programme for International Student Assessment) Hego Euskal Herriko ikasleek izan dituzten emaitza kaxkarrak dira aztoramendua eta premiazko neurri eskeak haizatu dituztenak.

Hiru urtez behin argitaratzen dute PISA txostena, eta bertan, OCDEren kide diren 32 estatuetako eta beste zenbaitetako 15 urteko ikasleek –DBHko 4. mailan daudenek, gurean– irakurketan, matematikan eta zientzietan duten maila neurtzen dute. Hiru urtez behin, estatu horietako arduradunek gandorra tentetzeko edota horiek harri azpian ezkutatzeko balio izaten dute PISA txosten bakoitzaren emaitzek. Hego Euskal Herriko ikasleen emaitzak Espainiako Estatuaren emaitzen barruan ematen ditu OCDEk, eta bereizita: Arabakoak, Bizkaikoak eta Gipuzkoakoak batetik, eta Nafarroakoak bestetik. Duela urte batzuk, gandorra guztiz tentetzeko agian ez, baina gurean hezkuntza sistemak ondo funtzionatzen zuela egiaztatzeko tresna gisa aurkezten zituzten datuok hezkuntza arduradunek. Azkenaldi luzean, ordea, emaitza horiek eskasten eta eskasten joan dira neurketa batetik hurrengora, aurten argitaratu duten PISA txostenean ikasleek aipatutako hiru esparruetan "inoiz ikusitako mailarik txikiena" eman duten arte.

2025eko PISAren emaitzek hezkuntzan lan egiten duen inor gutxi harrapatu dute ezustean

Emaitzen apaltzea orokorra izan da, baina beherakada orokorraren barruan okerrera nabarmen egin dutenen multzoan kokatu dira Hego Euskal Herriko ikasleak. Azken PISA txosten horrek erakusten duen argazkia Urola Kostako ikasgelek erakusten dutenarekin bat al datorren jakin nahi izan du Gukak, eta ikasleek gero eta ulermen eta arreta gaitasun gutxiago dutela egia al den galdetu die, besteak beste, Azpeitiko Izarraizpe ikastola publikoko zuzendari Roman Artanori eta Zarauzko Salbatore Mitxelena ikastolako irakasle Belen Muruari eta Agurtzane Loiolari. Era berean, gaitasun galera horretan ikasketa prozesuen digitalizazioak duen eraginaz hitz egin du hezkuntza digitaleko ikertzaile eta Altxa Burua mugimenduko kide Telmo Lazkanorekin.

Inoren harridurarako

2025eko PISAren emaitzek hezkuntzan lan egiten duen inor gutxi harrapatu dute ezustean. "Hau aurreikusita" zegoela diote Salbatore Mitxelenako irakasleek, "orain denak kezkatuta eta beldurtuta agertu, eta zer erremedio jarri pentsatzen hasiko direla" esan arren. "Bereziki gure ikastolako emaitzak zeintzuk izan diren ez dakigu, baina orokorrean, komunikabideetan-eta emaitzak kaxkarrak izan direla entzuteak ez gaitu batere harritu", dio Muruak. "Ez dut uste harritu den irakasle bakar bat ere egon denik Euskal Herri guztian", berretsi du Loiolak. Bizi osoa daramate bi zarauztarrek ikastolan lanean –Muruak 41. ikasturtea du aurtengoa, eta 35.a, Loiolak–; eta zati on bat, DBHn eskolak ematen. Euskara eta Gizarte eskolak ematen dituzte, hain zuzen ere, biek. Maila horietako ikasgeletan zer egosten den ondo dakite, aldaketa eta joan-etorri askoren lekuko eta partaide izan dira, eta ikasle belaunaldi ugari ezagutu dituzte.

Ulermen arazo nabarmenak dituzten ikasleak, arretari eusteko zailtasunak dituztenak, teknologien eta pantailen mendekoak... Gutxi-asko, argazki hori zabaldu dute PISAren emaitzen azterketa askok. Eta ñabardurak ñabardura, ikasgeletan sumatzen dutenaren oso antzekoa dela dio Artanok ere. "Gure egunerokoa, guztiona, gizarte gisa, goitik behera aldatu du digitalizazioak. Digitalizazioaren aurreko mundutik gatoz adin bat daukagunok, baina gure ikastetxeetako nerabeek ez dute besterik ezagutu. Pazientzia gutxiagoko jendea gara informazioa jaso eta prozesatzeko orduan", azaldu du Izarraizpe ikastola publikoaren zuzendari zestoarrak.

Pantailak eta emaitzak

Ikasketa prozesuen digitalizazioari egozten dio, hain zuzen, Lazkanok PISA azterketen emaitzen azken hamarkadatik gorako gainbeheraren ardura nagusia. "Ez da nik lotzen ditudala, datuek erakusten dute", egin du azpimarra, eta aipatu datuak laburbildu ditu: "2012tik, alegia, eskola digitalizatu genuenetik –ez hemen bakarrik, Europa mailan–, herrialde guztietan, zenbat eta gehiago digitalizatu, are gehiago okertu dira [PISAren] datuak. 2012an, 2015ean, 2018an, 2022an eta azken hauetan, korrelazioa guztiz negatiboa da: zenbat eta denbora gehiago pantailaren aurrean, are okerragoak dira emaitzak". Hala ere, datuak aztertzean, korrelazio hori zergatik gertatzen den azaltzen laguntzea da garrantzitsua Lazkanorentzat. "Ezin gara erori sinplekerietan, ez da bi gehi bi lau". Arreta, ulermen maila, memoria, lan memoria, pentsamendu abstraktua, motibazioa eta aniztasunari erantzutea dira, Lazkanok azaldu duenez, ikasketa prozesu orotan "funtsezko aldagaiak". Eta, pantailen erabileraren eta ikasle gazteen ikasketa prozesuen kaltetzearen arteko harremana aztertzerakoan, "aniztasunari erantzutearena kenduta, gainerako funtsezko aldagaiak testuinguru analogikoetan askoz modu probetxuzkoagoan ematen" direla ondorioztatu dute.

Ezin da dena egun batetik bestera aldatu, eta aldaketa denak ezin dira eskolaren bizkar utzi

Duela hamabost-hogei urte, ikasgeletan eta ikasketa prozesuan ordenagailuak eta baliabide digitalak ezartzeak onurak besterik ez zituela ekarriko aldarrikatzen zuten erakundeak ere hasi dira "gehiegizko digitalizazioa" deritzonaren kalteak aitortzen. "Orain ari gara eztabaidatzen, edo galdetzen, pantailak atera behar al ditugun eskoletatik. Nire ustez, galdera ez da hori: galdera da zergatik eta nola sartu ziren", jarri du mahai gainean zumaiarrak. Eskolak digitalizatu aurretik, "gutxienez bi proba" egin behar ziren, Lazkanoren aburuz: "Bat, zientifikoki zorrotz egiaztatu ikasketa analogikoak baino balio erantsi handiagoa ekartzen duela [digitalizazioak], eta ekarriz gero, non eta nola ekartzen duen balio erantsi hori; eta bigarrengoa, ez duela kalterik ekartzen. Bi proba horiek ez ziren egin, eta hortik dator gertatu den guztia. Horretan ere huts egin dugu".

Hezkuntzaren digitalizazioak, egin den gisara, ez du hobekuntzarik ekarri ikasketa prozesuetara; orokorrean, alderantzizkoa gertatu dela defendatzen du Lazkanok: "Hobekuntza oro da berrikuntza mota bat, baina berrikuntza orok ez du zertan hobekuntza izan behar. Hori da gakoa. Berrikuntzak gehiago saltzen du politikoki eta ekonomikoki, baina ez du ikasleen eta irakasleen ongizatea lehenesten, beste interes batzuk lehenesten ditu".

Bueltatu, zertara

Ikasleen "ahalduntze digitala" aldarrikatzen du Lazkanok, eta horretan ere ari da lanean. "Gauza bat da bitarteko digitalak erabiltzea hezkuntza prozesuko ikasgai guztietan, eta beste gauza bat da mundu digital hori zer den ikastea", aipatu du. Ikasleen ahalduntze digital hori sustatzeko neurriak hartzea eta baliabideak ezartzea ezinbestekoa iruditzen zaio, "ulertu behar dutelako zer dagoen pantailaren atzean, atzean dagoen horrek baldintzatuko baitu aurrean egingo dutena".

Erakundeek ez dute asmatu digitalizazioarekin Lazkanorentzat, eta iritzi antzekoa du Artanok. Arlo digitalean autokritika "den-denok, salbuespenik gabe" egitearen alde hitz egin du, baina Jaurlaritzak hartutako –edo hartzeke utzitako– erabakietan egin du azpimarra. Batetik, dio Chromebook ordenagailuak "horien erabilera osasuntsu eta pedagogikoa bermatzeko hezkuntza plan argirik gabe" banatu zizkietela ikasle guztiei, eta Izarraizpekoek hutsune hori betetzeko ikasgai bat propio sortzea proposatu ziotenean, "gure ikasleek oinarrizko irizpide etikoak eta teknikoak gara zitzaten Chromebooak jaso ahala", Hezkuntza sailak ukatu egin ziela baimena. Bestetik, mugikorren auzian "atzetik" ibiltzea egozten dio Artanok Hezkuntzari: "Ikastetxeok hartu behar izan dugu ekimena, Altxa Burua bezalako eragile sozialekin batera".

Loiolak eta Muruak ere norabide bera hartu dute, batzuen eta besteen ardurak aipatzerakoan. "Eusko Jaurlaritzakoak ez dira gai izan esateko eskoletan debekatu egingo dela mugikorra". Zarauzko ikastolako bi irakasleek ere aitortzen dute digitalizazioak ikasprozesuetan eta ikasleen joeretan eta jarreretan eragina duela, baina ez diote egozten emaitza kaskarren ardura osoa. "Hemen ardura beste batzuena ere bada", dio Loiolak, digitalizazioa gizarte osoan eman dela ez ahazteko, eta "errazkeriara jotzea" iruditzen zaio ikasleen emaitza txarren "erru dena digitalizazioari egoztea". Beraiek eskolak ematen dituzten mailetan, DBHn, alegia, "ordenagailua erraztasuna, eta ona" dela defendatzen du Loiolak. PISA eta bestelako ikerketek azaleratutako gabeziak konpontzeko tresna digitalei galga jartzea edota horien erabilera berraztertzea baztertu gabe, "zertara bueltatuko garen" zehaztea eskatu du. Lehengoratze moduko zerbaitetan hasita daudela gaineratu du Muruak, baina ezin dela erabatekoa izan. "Ezin dugu dena desegin, zerora itzuli. Orekatua izan behar du. Gu ja hasita gaude horretan, ez da berria; ordenagailuak dauzkate eta erabiltzen dituzte [ìkasleek], baina konturatuta gaude ezin dela dena hori izan, itzuli behar dugula pixkanaka liburu fisikoetara", kontatu du. COVID-19aren pandemiaren eta konfinamenduen aroa ekarri nahi izan dute gogora Salbatore Mitxelenako bi irakasleek, derrigorrez eta egun batetik bestera "dena digitalizatu" behar izan zutenekoa. "Hor digitalizazioaren goia jo genuen, eta orain goi hartatik behera gatoz, baina ez dira hainbeste urte pasatu; sei urte ez dira ezer, eta ahaztu egiten zaigu", esan du Loiolak. Muruak "desazelerazioa pixkanaka" egin behar dela aldarrikatu du, "ezin da material dena digitalean edukitzetik bat-batean dena paperean izatera pasatu".

Dena ez baita eskola

Ezin da dena egun batetik bestera aldatu, eta aldaketa denak ezin dira eskolaren bizkar utzi. Horretan bat egiten dute erreportaje honetarako hitz egin dutenek. Azpeitiko Izarraizpen ere "eraldaketa prozesu batean" daudela azaldu du Artanok, "baina arnas luzeko lana da eredu pedagogiko bat aldatzea, eta oraindik goiz da ebaluatzeko". PISAk utzitako emaitza txarren aurrean, ikastetxeei egiteko moduen gainean hausnartzea dagokiela uste du zuzendariak, baina baita Hezkuntza sailari eta ikasleen gurasoei ere, "hezkuntza ez baita soilik eskolaren egitekoa". PISAri duen garrantzia aitortuta, "ikastetxe jakin bateko errealitatea aztertzeko baino makro mailako irakurketak egiteko baliagarriagoa" dela gogoratu du zestoarrak, baita hezkuntza sistema neurtzeko "adierazle bakarra ez" dela ere. "Besteak beste, PISAk ez du neurtzen gure gizartea euskalduntzen egiten dugun lana, adibidez", aipatu du Artanok, "eta lan handia da hori".

Guztiek "arraun elkarrekin" egitearen garrantzia nabarmendu du hark, eta horrekin bat datoz Murua eta Loiola ere. Era berean, irakasleen eta ikastetxeen lana aldarrikatu dute. "Aditu gutxiago eta aritu gehiago behar ditugu", dio Loiolak: "Ofizio honetan profesionalak gu gara, eta konfiantza jarri behar da gugan". Ikasgeletan lan egiten dutenei gehiago entzutea nahiko lukete Salbatore Mitxelenakoek, "beti kanpora begira" ibili beharrean "etxekoari balioa" ematea, eta ikastetxeei beraien beharren eta errealitatearen arabera lan egiten uztea. "Eskola bakoitzak daki berean zerk funtzionatzen duen eta zerk ez. Hortaz, funtzionatzen duena mantendu eta funtzionatzen ez duena aldatu egin behar dira. Baina ez dute uzten", esan du Loiolak. Bakoitzak behar dituen neurriko zapatak erabiltzea bezalakorik ez dago harentzat, baina ez du uste erabakiak hartzen dituztenek hori kontuan hartzen dutenik: "Gure oinentzako zapatak topatu beharrean, agian gureak ez diren zapatak janztearekin tematuta dabiltza batzuk. Eta horren ondorioak ezagutzen ditugu: babaz eta urratuz jositako sistema bat".

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide