Etxebizitza Sindikatu Sozialistak aurreneko asanbladak egin zituen joan zen astean Urola Erdian datorren azaroaren 11n izango den greba orokorraren harira, eta dozenaka lagun elkartu ziren Azkoitian, Azpeitian eta Zestoako bileretan, etxebizitza eskubidearen aldeko mobilizazio egun hori prestatzen hasteko. Aurreneko bilerak eginda, aste honetan bigarren asanbladak egingo dituzte hiru herri horietan: Azkoitian bihar bilduko dira Elkarguneko Intsausi aretoan (18:00); Zestoan, asteazkenean izango da asanblada, Kultur Etxean (19:00); eta ostiralean, Azpeitian izango da bilera, Azoka Plazako goiko solairuko aretoan (18:30).
Etxebizitza Sindikatu Sozialistak "espekulatzaileen desjabetzea, espekulazioaren debekua eta etxebizitza langileriaren beharren arabera antolatzea" defendatuko du greba orokorrean, eta horretarako, asanbladak prestatu ditu Euskal Herriko 80 herritan zein auzotan; tartean, Azkoitian, Azpeitian eta Zestoan. Asanbladen bidez, herritarrak mobilizatu nahi dituzte, baita antolakuntza sustatu eta greba eguna antolatu ere, azaroaren 11n herritarrek greban parte har dezaten. Hori horrela, bileretan grebari buruzko planteamendua ari dira osatzen, eta egin beharreko lanak banatzearekin batera.
Sindikatuak beharrezkotzat jo du langile klasea grebara mobilizatzea, egun horrek erantzun "zabala" izan dezan espekulatzaileen, errentatzaileen eta "haien zerbitzura dauden politikarien" aurka. Hori horrela, herritar oro deitu dituzte asanbladan parte hartzera.