Atzo jokatu zuten, Etxebarrin (Bizkaia), 2026ko Euskal Herriko Aizkolari Txapelketa Nagusirako sailkapen kanporaketa. Bi txandatan banatuta, 11 aizkolari lehiatu ziren finalerako sei tokien bila, eta aspaldiko urteetan bezala, Urola Kostako hiru aizkolari izan ziren tartean: Julen Alberdi Txikia IV.a azkoitiarra, Eneko Otaño beizamarra eta Mikel Larrañaga azpeitiarra. Aspaldian ohi ez bezala, ordea, ez dira hirurak finalean arituko.
Lehen txandan aritu ziren atzo hiru urolatarrak, baita Iker Vicente egungo txapelduna ere, eta azken hori izan zen kanporaketako guztien artean lanak bukatzen azkarrena (17.07). Vicenteren atzetik sailkatu zen, zazpi segundora, Txikia IV.a (17.14), eta lehen txandako zein kanporaketako laugarren denbora onenarekin (18.17) lortu zuen finalerako txartela Otañok.
Lehen txanda horretatik irten ziren, hain zuzen ere, azaroaren 22an Zumarragan (Gipuzkoa) jokatuko den finalean lehiatuko diren sei aizkolarietatik lau, baina Larrañaga ez zen izan horietako bat. Txandako bosgarren denbora onena egin zuen azpeitiarrak (19.30), baina guztira, zazpigarren marka izan zen berea eta, horrenbestez, ezingo du finalean defendatu iazko txapelketan eskuratu zuen hirugarren postua.
Vicenterekin, Txikia IV.arekin eta Otañorekin batera ariko dira Zumarragako finalean Hodei Ezpeleta (18.05, atzoko hirugarren denbora onena), Arkaitz Etxebeste (18.53, bosgarrena)) eta Ibai Soroa (19.09, seigarrena). Atzo azken bi tokietan gelditu ziren Julen Gabirondok eta Julen Kañamaresek, berriz, maila galdu dute.