Kimetz Etxabe (Zumaia, 2000) aktoreak zinemara jauzi egin du Inurri itsuak filmarekin. Ramiro Pinillaren eleberrian oinarritutako eta Igor Legarretak zuzendutako lanean, Ferminen rola jokatu du, bere barne munduan murgilduta bizi den gaztearena. Go!azen telesailari esker egin zen Etxabe ezagun, eta orain, eskarmentu handiko aktoreekin batera, drama zinematografiko batean aritu da. Zumaian jaioa, Aizarnazabalen hazi da Etxabe, eta proiektu berrietan lanean jarraitzen du, pixkanaka pertsonaia konplexuagoei eta pisu handiagoko rolei heltzeko ametsarekin.
Zer kontatzen du Inurri itsuak filmak?
Biziraupen istorio bat da. Muturreko egoera batean dagoenean, gizakia aurrera egiteko zer egiteko gai den erakusten du filmak. Algortako (Bizkaia) familia txiro baten istorioa kontatzen du. Baserri batean bizi dira, eta hotz handia pasatzen ari dira. Halako batean, Ingalaterrako itsasontzi handi bat hondoratu dela eta haren ikatz karga kostaldean barrena sakabanatu dela ikusten dute. Negua beroago igarotzeko aukeraren aurrean, ikatz bila joaten dira. Hainbat gauza gertatzen zaizkie, baina beti aurrera egiten dute, ez baitute beste aukerarik.
Ferminen rola jokatu duzu. Nor da Fermin?
Fermin familiako bost seme-alabetatik zaharrena da. Barne mundu zabala du, baina ez du besteekin gehiegi partekatzen. Harreman sozialetan zailtasun handiak ditu, eta eguneroko hainbat egoeratan nahiko traketsa da. Arraunean, ordea, ona da.
Zaila egin al zaizu Ferminen lekuan jartzea?
Ez zait bereziki zaila egin. Eleberrian bai, baina filmean ez da gehiegi sakontzen Fermini zer gertatzen zaion; horregatik, pertsonaian murgiltzea ez zait hain zaila egin. Hala ere, lana eman dit hura ulertzeak, Fermin bezalako egoeran dagoen pertsona baten lekuan jarri behar izan dudalako. Hori bai, Fermin filmaren muina izan balitz, eta istorioa espresuki haren inguruan eraiki izan balitz, lan handiagoa emango zidakeen.
Nola iritsi zitzaizun Ferminen rola betetzeko aukera? Nolakoa izan zen casting prozesua?
Xelebrea izan zen. Filma egingo zutela jakin aurretik, Ados antzerki taldeak irakurketa dramatizatu bat egin zuen, eleberriaren urteurrena ospatzeko. Irakurketa hartan, Ferminena egiten nire lagun eta lankide bat aritu zen. Handik gutxira, nire ordezkariak deitu zidan, Inurri itsuak eleberrian oinarritutako filma egingo zutela esateko. Ferminen rolaz hitz egin zidan, eta izena ezaguna egin zitzaidan arren, ez nuen loturarik egin. Azkenean, Ferminen rola egiteko proposamena egin zidaten, eta orduan konturatu nintzen nire lagunak egin zuen irakurketa dramatizatuko pertsonaia bera interpretatu behar nuela.
Casting prozesuak luzeak izaten dira normalean, baina hau oso atsegina izan zen, giro ona izan genuen eta une oro laguntzeko egon ziren arduradunak. Denbora batera, ordezkariaren deia jaso nuen, hautatua izan nintzela esanez. Oso pozik hartu nuen berria.
Itziar Ituño, Miren Gaztañaga edo Urko Olazabal bezalako eskarmentu handiko aktoreekin ere egin duzu lan Inurri itsuak-en. Zer ikasi duzu haiengandik?
Asko ikasi dut. Txikitatik ezagutzen ditut aktore horiek, telebistan-eta ikusi izan ditudalako, eta ohore bat izan da haiekin lan egitea. Batez ere, lana umiltasunez egin behar dela ikasi dut.
Ibilbide luzea eta egindako lan guztia bizkarrean izan arren, pertsona izaten jarraitzen dutela ikusi dut, zalantzak eta segurtasun faltak ere izaten dituztela, baina egiten duten horretan konfiantza badutela. Ni oraindik hasiberria naiz, eta aktore handiek ere zalantzak dituztela ikusteak asko lagundu dit.
Duela gutxi estreinatu da filma. Zer-nolako harrera izaten ari da?
Nahiko harrera ona izaten ari da. Jendeak esaten du film gogorra dela ikusteko, une batzuetan oso gordina eta iluna, baina baita hunkigarria ere. Nire ustez, oso ondo egindako pelikula da, gogo handiz eta maitasunez egindakoa. Hori alderdi guztietan nabaritzen da: aktoreen lana oso landuta dago, argazkigintza ere bai, musikak asko murgiltzen du ikuslea filmean, eta jantziek eta makillajeak ere asko laguntzen dute. Dena dago ondo irudikatuta, eta, oro har, jendea oso gustura ateratzen ari da aretoetatik.
Jende askok Go!azen telesailari esker ezagutu zintuen. Nolakoa izan da gazteei zuzendutako telesail musikal batetik Inurri itsuak bezalako drama batera igarotzea?
Aldaketa handia izan da. Go!azen, proiektu desberdina izateaz gain, nire lehen lana ere bazen, eta nire adineko jendearekin aritu nintzen horretan. Lana zen, dudarik gabe, baina bazuen udaleku giro moduko bat ere. Lagunekin egotearen antzeko sentsazioa nuen, nahiz eta atzean lan handia egon. Telebistako erreitmoa ere azkarragoa da. Filmean, berriz, dena pausatuagoa da. Gainera, ez nuen nire adineko hainbeste jenderekin lan egin, konplexutasun tekniko handiagoa zegoen, tonua bestelakoa zen, serioagoa agian, eta kontzentrazio handiagoa eskatzen zuen.
Ez dute batak bestearekin zerikusirik, baina biak dira lan politak eta aberasgarriak.
Zer proiektutan edo zer pertsonaia gorpuzten ikusi nahiko zenuke zure burua hemendik aurrera?
Une honetan, proiektu batzuk ditut estreinatzeko zain. Film berri bat grabatzen ere ari naiz, eta beste hainbat castingetan parte hartzen dihardut. Nire ametsa horrela jarraitzea da, bidean pixkanaka aurrera egitea, pisu handiagoko pertsonaiak gorpuztuz. Eta egunen batean pertsonaia protagonista bat interpretatzera iritsiko banintz, sekulakoa litzateke.