Urola Kostako udalek iaz baino %4,3 gehiago jasoko dute batez beste Foru Funtsetik

Nerea Uranga

Gipuzkoako Foru Aldundia. (GFA)

2026rako Udal Finantzaketarako Foru Funtserako diru bilketaren hasierako aurreikuspenak aldaketak izan ditu, eta udalerriek aurreikusitako kopurua baino gehiago jasoko dute. Gipuzkoako udalek, batez beste, 2025ean baino %3,92 gehiago jasoko dute, 2026ko itxiera aurreikuspenaren arabera; Urola Kostako 11 udalerriek jasoko duten batez bestekoa handiagoa da, %4,30 da.

Gipuzkoako "ehun ekonomikoa indartsu" dagoela, eta horrek foru erakundearen hasierako aurreikuspenak gainditzea ahalbidetuko duela esan dute Eider Mendoza Gipuzkoako foru diputatuak eta Itziar Agirre Ogasun eta Finantzetako diputatuak. Joan den astean eman zuten lurraldeko ekonomiaren portaeraren berri, Gasteizen egindako Herri Dirubideen Euskal Kontseiluan. 2025eko urrian egindako kalkuluak baino %1,3 diru gehiago bilduta ixtea espero dute urtea, lurraldeko foru arduradunek. "2025eko itxierarekin alderatuta, aurten bilketa %5,3 handitzea aurreikusten da, hau da, aurreko ekitaldian baino 355 milioi euro gehiago biltzea", azaldu dute foru agintariek.  2027. urteari begira, %5,7ko igoera aurreikusi dute Gipuzkoako lurraldeko diru bilketan; beraz, 2026ko itxiera aurreikuspenarekin konparatuta, 401 milioi euro gehiago bilduta eta 7.481 milioi eurora iritsita.

Udalak Finantzatzeko Foru Funtsari dagokionez, Agirre diputatuak Gipuzkoako Finantza Kontseiluan azaldu zituen datuak. Diputatuaren arabera, 2025ean 730 milioi euroko zuzkidura izango du Foru Funtsak, hasierako diru bilketaren aurreikuspenean jasotakoa baino 9,1 milioi euro gehiago. Udalek diru gehiago jasotzea diru bilketaren bilakaera positiboari esker dela azpimarratu du Agirrek. Urola Kostako 11 udalerriek, batez beste, iaz baino %4,30 diru gehiago jasoko dute aurten Foru Funtsetik, 2026ko itxierako aurreikuspenaren arabera.

Datorren urteko aurreikuspenei dagokienez, Gipuzkoako Foru Aldundiko arduradun politikoen arabera, 2027ean %5,79 haztea espero dute Udal Finantzaketarako Foru Funtsa. Hala, 2027ko ekitaldian, Gipuzkoako aldundiak 771,4 milioi euro emango dizkie lurraldeko udalerriei, 2026ko ekitaldiko likidazio aurreikuspena baino 42,1 milioi euro gehiago. 

 

Udala Likidazioa
2025
Aurrekontua
2026
Itxiera aurreikus. Betetze maila Aldakuntza
2025/2026
Biztanleko euroak 2027rako aurreikuspena
Aia 1.983.953 2.030.194 2.055.904 %101,27 %3,63 957 2.189.414
(+%6,49)
Aizarnazabal 976.975 1.014.440 1.027.267 %101,27 %5,15 1.250 1.126.119
(+%9,62)
Azkoitia 10.889.937 11.151.997 11.293.224 %101,27 %3,70 959 11.993.061
(+%6,20)
Azpeitia 14.242.881 14.561.749 14.746.156 %101,27 %3,53 964 15.610.876
(+%5,86)
Beizama 380.017 393.474 398.457 %101,27 %4,85 3.113 419.307
(+%5,23)
Errezil 797.355 818.633 829.000 %101,27 %3,97 1.410 883.424
(+%6,56)
Getaria 2.663.482 2.759.730 2.794.679 %101,27 %4,93 968

2.932.548
(+%4,93)

Orio 5.678.315 5.859.570 5.933.775 %101,27 %4,50 960 6.292.048
(+%6,04)
Zarautz 21.389.605 22.121.730 22.401.876 %101,27 %4,73 953 23.878.452
(+%6,59)
Zestoa 3.552.329 3.663.716 3.710.112 %101,27 %4,44 943 4.000.181
(+%7,82)
Zumaia 9.465.555 9.707.541 9.830.476 %101,27 %3,86 968 10.359.061
(+%5,38)

*Iturria: Gipuzkoako Foru Aldundia.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide