Urola Kostan enpresa berri bat irekitzea aztertzen ari diren herritarrek zabalik dute Lanbide-Ekintzaile programan izena emateko epea. Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuak jarri du martxan ekimena, Urola Kostako Udal Elkartearen laguntzarekin, eta eskualdean jarduera ekonomiko berri bat abian jarri nahi duten pertsona langabetuei bideratuta dago.
Egitarauak hiru hilabeteko iraupena izango du, azaroaren 19an hasita. Denbora tarte horretan, parte hartzaileek astean behin taldeko saioak nahiz bakarkako tutoretzak jasoko dituzte, beren enpresa ideia sakontzeko, aztertzeko eta egitasmoa bideragarri egiteko urratsak emateko helburuarekin.
Prestakuntza eta aholkularitzaz gain, babes ekonomikoa ere eskainiko du programak, prozesuan parte hartzeagatik 2.000 euroko dirulaguntza jasotzeko aukera izango baitute ekintzaileek. Zenbateko hori handitu egingo da kasu jakin batzuetan: %15eko gehigarria jasoko dute eskabidea aurkezteko garaian 18 eta 30 urte artean dituzten sustatzaileek, eta beste %15eko igoera gehigarria izango dute emakumezko ekintzaileek.
Deialdian parte hartu ahal izateko, hainbat baldintza bete beharko dituzte eskatzaileek. Hala, langabe egotea eta Lanbiden enplegu eskatzaile gisa izena emanda edukitzea ezinbestekoa da. Horrekin batera, aurreko urtean ez dute altan emanda egon behar ez Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan (JAZ), ezta Langile Autonomoen Araubide Berezian ere (RETA). Era berean, negozio proiektu bat garatzeko ideia zehatz bat izatea eta aurreko urteetan xede bererako laguntzarik jaso ez izana eskatzen zaie parte-hartzaileei .
Izen-ematea, azaroaren 5era arte
Egitasmoan parte hartu nahi duten herritarrek azaroaren 5era arteko epea izango dute beren enpresa proposamenak aurkezteko. Eskaera orriak Urola Kostako Udal Elkartearen egoitzan bertan aurkeztu daitezke edo bide telematikoa erabiliz, erakundearen egoitza elektronikoaren bidez.
Argibide gehiago behar dituztenek edo zalantzak argitu nahi dituztenek Urola Kostako Udal Elkarteko enpresa sustapen zerbitzura jo dezakete, Johanna Pino eta Laida Arrutirekin harremanetan jarrit . Horretarako, 943 890 808 telefono zenbakira deitu edo jpino@urolakosta.eus zein larruti@urolakosta.eus helbide elektronikoetara idatz daiteke .