Asteklimaren barruan, hainbat ekintza Azkoitian eta Azpeitian

Andoni Elduaien

Azpeitian Klima Azoka egin zutenean hartutako irudi bat. (Mailo Oiarzabal)

Asteklima, Euskadiko Klima eta Energiaren Astea, izango da urriaren 16tik 25era. Eskualdean, Azkoitian eta Azpeitian antolatu dituzte gai horri lotutako hitzorduak. 

Asteklima, Euskadiko Klima eta Energiaren Astea izango da urriaren 16tik 25era bitartekoa, eta aste horrekin bat eginez, naturaren, biodibertsitatearen eta klima aldaketaren inguruko hainbat ekintza izango dira Azkoitian eta Azpeitian. Klima aldaketaren inguruko kontzientziazioa sustatzea eta ingurumenaren zaintzan herritarren inplikazioa indartzea dira egitasmo horren helburuak. 

Asteklimari lotuta, guztira, lau hitzordu izango dira Azkoitian. Urriaren 16an, ostiralez, HH 5 eta LH 3 mailetako haurrei zuzendutako ipuin kontaketa saioa izango da Aizkibel liburutegian (18:00). Miru sorginak kontatuko du Nik maite dut natura ipuina, eta umeei naturarekiko interesa eta errespetua sustatzeko aukera eskainiko die. Dagoeneko eman daiteke izena ipuin kontaketa saio horretarako, libururtegian bertan.

Urriaren 17an, zapatuan, ibilaldi gidatua egingo dute Floreagako eta Jausoroko babesleku klimatikoetan zehar. Laia kooperatibako eta Izadi 21eko kideek herriko bi eremu horiek ezagutzeko aukera eskainiko diete herritarrei, eta babesleku klimatikoek herritarren ongizatean nahiz klima aldaketara egokitzeko prozesuan duten garrantziaz emango dituzte azalpenak. Ibilaldia 11:00etan abiatuko da Floreagako bolatokitik, eta bi ordu inguruko iraupena izango du.

Urriaren 22an, ostegunez, Urola ibaiko landare inbaditzaileen inbentarioa eta horiei aurre egiteko ekintza plana aurkeztuko ditu Aranzadi zientzia elkarteak. Urolan identifikatutako landare inbaditzaileen inguruko lanaren eta horiei aurre egiteko proposatutako ekintza planaren berri emango dute Aranzadikoek Elkarguneko Oteiza aretoan, 18:00etan.

Urriaren 23an, ostiralez, Urola ibaiaren azterketa egingo du Laia kooperatibako eta Izadi 21eko kideek osatutako lantaldeak. Jausoroko berdegunean hasiko dute ekintza hori, 17:30ean, eta besteak beste, herriko ur ekosistemaren ingurumen egoera zein den azalduko dute. Ibaian bizi diren bizidun txikienen azterketa ere egingo dute.

Azpeitian ere bai

Azpeitian ere hainbat hitzordu antolatu dituzte Asteklimari lotuta; guztiak Ekoetxean izango dira, Klima Azoka izan ezik. Urriaren 17an, larunbata, barreterapia saioa egingo dute, Itsasoa zure barruan hasten da izenburupean. 16:00etan hasiko da umorea ardatz duen saioa, eta adin guztietako herritarrak bertara daitezke. 

Hurrengo egunean, igandez, Koxinatu izeneko sukaldaritza tailerra egingo dute, udazkeneko zaporeen ingurukoa, 10:30ean hasita. Bertako eta sasoiko produktuekin egindako sukaldaritzaren balioa familian ezagutzeko aukera izango dute partaideek. Egun berean, baina arratsaldez, 16:00etan hasita, Terminus: aldaketaren escape boxa izeneko saioa egingo dute, helduei zuzenduta. Parte hartzaileek honako erronkari erantzun beharko diote: "Gure planetaren kolapsoa saihesteko gai zara? Zatoz, beranduegi izan baino lehen...". 

Urriaren 23an, ostiralez, Ekoetxetik kalera aterako dira. Hain zuzen ere, Klima Azoka egingo dute, herriko plazan. Esperientzia interaktiboa izango da, herritarrak mobilizatzeko, hezteko eta klima aldaketaren aurrean jarduteko beharraren inguruan kontzientziatzeko prestatua. Zazpi karpa jarriko dituzte, eta horietako bakoitzak klima aldaketaren alderdi desberdinak landuko ditu. 10:00etatik 18:00etara egongo da azoka zabalik, eta edonor bertaratu daiteke. 

Azkenik, urriaren 24an, larunbatez, Ekoetxearen ondoan jarrita dagoen Ibar basoa: ibaiaren babesa eta basabizitzaren gotorlekua aldi baterako erakusketa baliatuz, ibar baso ekosistemek duten garrantziaz jabetzeko bisita gidatua egingo dute. Erakusketak ibar basoaren inguruko informazioa ematen du, eta teorian murgildu ostean, ekintzara pasatuko dira: Urola ibaiaren inguruan ibilbide gidatua egingo dute. Helduei zuzendutako saioa da, eta 10:30ean elkartuko dira, Ekoetxean. 

Klima Azoka ezagutzeko ez, baina gainontzeko ekintzetan parte hartzeko aurrez izena eman behar da, ekoetxea.eus atarian. Horrez gain, urriaren 17an, 11:00etatik 14:00etara, Ekoetxera bertaratzen diren familiek egurrezko jolas erraldoien bilduma batez gozatu ahal izango dute.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide