49. Euskal Zine Bilera hartuko du Lekeitiok (Bizkaia) bihartik igandera bitartean, eta aurtengo sail ofizialean guztira hogei film lehiatuko dira, tartean eskualdeko zinemagile eta sortzaileen hiru lan.
Alde batetik, Oier Romatet eta Araitz Garate zumaiarrek 700 film laburra aurkeztuko dute. Hornidura gabezia nagusitzen den komunitate batean arau nagusi bat dute: 10 urtetik gorakoak ezin dira 700 baino gehiago izan. Haur batek 10 urte betetzeak bizitza baten sakrifizioa dakar askotan. Albaren hamargarren urtebetetzea iristear da eta horrek hankaz gora jarri du familiaren egonkortasuna. Urriaren 15ean, ostegunarekin, izango da film laburraren proiekzioa, iluntzeko 19:00etatik aurrera Ikusgarri zine aretoan.
Osteguneko proiekzio berean, Beñat Gereka getariarraren Idi emango dute. Bazen garai bat idiek isilean lurra goldatzen zutenekoa, beren pauso geldo baina sendoarekin baserriaren bizitza sostengatuz. Gaur, haien urratsek plazetan dute oihartzuna, harriak eta memoria batera arrastaka. Lurra eta ahalegina, tradizio bihurtuak.
Urriaren 17ko proiekzioan, azkenik, Iker Gozategi oriotarraren Berpiztu film laburra emango dute. Dena lehertuta dagoenean, nola ikusten da norbere burua barnetik? Kanpoko munduan galdu denak barnekoan aurkitu behar izaten du bidea. Iluna da barnea, betea bezain hutsa. Emozioen uholdea, nahasmendua, itomena… Lurrera erori diren pieza guztiak batuta berriro osatzeko beharra, berpizteko beharra. Goizeko 12:00etatik 14:00etara bitartean izango dira proiekzioak, Ikusgarrin. Sari banaketa ekitaldia, berriz, iluntzeko 19:30ean hasiko da.
Sail ofizialean ez ezik, lehiaketatik kanpo ere zenbait film ikusteko aukera izango da, tartean Ainhoa Alberdi zarauztarraren Ispilua zeharkatuz lana. Ostegunean proiektatuko dituzte lan horiek, sail ofizialekoak hasi baino lehen. Horrela dio laburmetraiaren sinopsiak: "Erotzat hartu gintuzten. Historiaren joanean emakume askok bizi izan duten errealitate krudela, bereziki gerraostean. Gure amonak ziren. Oroitzapen horrek gure gorputzetan dirau".