Gaur arratsaldean Agurainen (Araba) izan da Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako lehen faseko azken saioa –Nerea Elustondok irabazi du–, eta hitzordu hori igarota, zehaztuta dago finalaurrekoetako saio bakoitzean zein bertsolari ariko diren. Hurrengo fasera sailkatu diren hemezazpi bertsolarien artean dira Oier Etxeberria eta Aner Peritz; ez dute finalaurrekoetarako txartelik eskuratu, ostera, Eneritz Artetxek eta Iñigo Mantzizidor Mantxi-k.
Etxeberria azpeitiarrak finalaurrekoetarako zuzeneko txartela eskuratu zuen, Altsasuko (Nafarroa) saioa irabazita. Finalaurrekoetan Miarritzeko (Lapurdi) Jai Alain abestuko du hark azaroaren 14an, zapatua, eta agertokian harekin batera izango dira Andoni Rekondo, Maddalen Arzallus, Julio Soto, Maddi Ane Txoperena eta Sustrai Colina.
Peritz zarauztarrak, berriz, eskuratutako puntuei esker lortu du hurrengo fasera sailkatzea. Izan ere, joan zen irailaren 27an Lekeitioko (Bizkaia) saioan eskuratutako puntuak aski izan zaizkio lehian aurrera egiteko. Hain zuzen ere, saio hartan bigarren sailkatu zen Peritz, 679 puntu batuta, eta puntu horiekin, sailkapeneko zazpigarren postuan bukatu du lehen fasea.
Peritzek Gernika-Lumon (Bizkaia) izango du finalaurrekoetako hitzordua azaroaren 7an, larunbata. Saio horretan bertsokide izango ditu Agin Laburu, Aitor Bizkarra, Ane Labaka, Joane Illarregi eta Aitor Mendiluze. Dagoeneko salgai daude finalaurrekoetarako sarrerak, honako lotura honetan.
Lau finalaurreko izango dira lehen bueltan, eta 24 bertsolari ariko dira nor baino nor. Horietatik hemezortzi igaroko dira hurrengo fasera, eta finalean, berriz, zortzi bertsolari ariko dira –Maialen Lujanbio zuzenean sailkatuta dago, duela lau urte txapelduna izan zelako–; Nafarroa Arenan izango da finala, abenduaren 19an.
Artetxe eta Mantxi, kanpoan
Eskualdeko beste bi bertsolarik ere parte hartu dute aurtengo Euskal Herriko Bertsolari Txapelketan, baina Eneritz Artetxek eta Iñigo Mantzizidor Mantxi-k ez dute lortu finalaurrekoetara sailkatzerik.
Artetxek Lekeitioko (Bizkaia) saioan kantatu zuen, eta 646 puntu lortuta, bosgarren sailkatu zen saio hartan. Ondorioz, azkoitiarrak sailkapeneko 23. postuan bukatu du lehen fasea. Irailaren 26an Altsasun (Nafarroa) abestu zuen, berriz, Mantxik, eta hura ere bosgarren sailkatu zen, 638 puntu eskuratuta. Puntu horiek tarteko, lehen fasea 28. postuan bukatu du.