Palestinaren aldeko aldarria ozen entzun da eskualdean

Julene Sorarrain

Gernika-Palestina herri ekimenak Euskal Herri mailan deitutako mobilizazioekin bat egin zuten atzo arratsaldean Azkoitian, Orion, Zarautzen eta Zumaian. Gernikaren herritik, genozidiorik ez! Gerrarik ez! lelopean, Palestinari babesa adierazi eta bertan egiten ari diren genozidioa irmoki salatu dute.

Azkoitian, Orion, Zarautzen eta Zumaian mobilizazioak egin zituzten atzo arratsaldean, Gernika-Palestina herri ekimenak Euskal Herri mailan deitutako protestekin bat eginez. Herriz herri, hainbat herritar elkartu ziren Palestinari babesa adierazteko eta Gazan gertatzen ari dena salatzeko, Gernikaren herritik, genozidiorik ez! Gerrarik ez! lelopean.

Gernika-Palestinak salatu du azken urtean indarrean egon dena "su-eten tranpa" izan dela, haren esanetan, Israelek Gazako herritarren aurka eragindako "agonia titularretatik kentzeko bakarrik" balio izan baitu. "Estatu juduak genozidioa amaitu dela sinestarazi nahi dio munduari, baina Gazako herritarrek oso ondo dakite genozidioak aurrera jarraitzen duela», adierazi du ekimenak.

Haren arabera, nazioarteari saldu dioten "bakeak" ez du palestinarren egoera konpondu. Gernika-Palestinaren esanetan, Palestinako biztanleria lehen zuen lurraldearen % 40an pilatuta dago, eta gainerako % 60a Israelgo armadaren kontrolpean jarraitzen du.

Horrez gain, nazioarteko legedia "sistematikoki" urratzen dela salatu dute deitzaileek. Israel eta AEBak geldiarazteko neurririk hartu ezean, bi herrialdeek "inpunitate osoz" jarduten jarraituko dutela ohartarazi dute, beren logika "inperialista eta espantsionistari" eutsiz. Egoera horren aurrean, subiranotasunaren aldeko aldarria berritu dute, eta bakea eta justizia aldarrikatu dituzte Palestinarentzat. 

(Argazkiak: Intza Trula, Ane Olaizola eta utzitakoak).

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide