Eskualdeko hainbat udal zerbitzu itxita egongo dira biharko grebaren ondorioz

Iraia Oteiza

Orioko Kultur Etxeko atea, grebagatik itxita dagoela adieraziz. 

Azpeitia, Zestoa, Zumaia eta Orio dira greba deialdiarekin bat egin duten udalerrietako batzuk, eta hainbat zerbitzuren funtzionamendua aldatuko da. 

ELA eta LAB sindikatuek grebara deitu dituzte Araba, Bizkai eta Gipuzkoako sektore publikoko langileak biharko, urriak 8, eta Urola Kostako hainbat udal langilek bat egingo dute lanuztearekin. Lan baldintzak hobetzeko eskaria izango du ardatz grebak, eta eskualdean udal zerbitzuen ohiko funtzionamenduan eragina izango du. Besteak beste, Azpeitiko, Zestoako, Zumaiako eta Orioko udal langileek egin dute bat deialdiarekin, eta ondorioz, hainbat zerbitzu itxita egongo dira eta ohiko funtzionamendua aldatu egingo da.

Azpeitian, esaterako, itxita egongo dira Herritarren Arreta Zerbitzua eta igerilekua. Udalak jakinarazi duenez, ezinbesteko tramiteetarako, Udaltzaingora jotzeko aukera izango dute herritarrek. Halaber, igerilekua itxita egongo denez, ostegunetan egiten diren kirol ikastaroak ere bertan behera geratuko dira. 

Zestoako eta Zumaiako udal zerbitzuetan ere eragina izango du grebak. Zestoan itxita egongo dira, besteak beste, kiroldegia, liburutegia eta udaletxeko harrera. Zumaiako udal langileek ere bat egin dute greba deialdiarekin, eta udalak ohartarazi du ezin izango duela udal zerbitzuen ohiko funtzionamendua bermatu.

Orion, berriz, hainbat udal zerbitzu itxita egongo dira. Udaletxea, Danbolin Musika eta Dantza Eskola, Turismo Bulegoa, Kultur Etxea eta bertako liburutegia ez dira irekiko. Kanpinean, berriz, gutxieneko zerbitzuak eskainiko dituzte. Karela kiroldegia, Saregile emakumeen etxea eta udalak azpikontratatutako zerbitzuek erabiltzen dituzten eraikinak, berriz, irekita egongo dira ohiko ordutegian.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide