Gutuna

Gizatasun lehortea Eusko Jaurlaritzara iristen denean

Garikoitz Nazabal (Gipuzkoako EHNEko presidentea)

Behi bat larrean. (Magnific)

Garikoitz Nazabal Gipuzkoako Euskal Herriko Nekazarien Elkartasuna (EHNE) sindikatuko presidenteak honako iritzi artikulu hau igorri du Gukaren erredakziora. 

Egarria eta gosea, horiek izan ohi dira burura datozkigun hitzak lehortea aipatzen dugunean. 2026. urtea baserritarren oroimenean su marka moduan idatzirik geratuko da, lanaren, miseriaren, sufrimenduaren oroigarri. Baina, besterik ekarriko al du gogora? Bazterkeria? Ahanztura, akaso?

Guztiz erreta ikusten ditugun barrutiei begira, ezin ekidin suarekin loturiko esamoldeak burura etortzea, eta noski, ezagunena, "sutan jartzean probatzen dela eltzea!". Bizitzen ari garen egoerarako ere neurrira eginikoa dirudi. Alderdienganako eta politikarienganako konfiantza edo gertutasuna guztiz zalantzan jarria den garaiotan, entzuteko, ikusteko, laguntzeko prest, borondatez, errespetuz edo enpatiaz gainezka ikusi nahi genituzke herritarron zerbitzura omen daudenak. Baina gizatasun emari horren ordez, lehortea bulego eta aginteen aulkietara aspaldi iritsi zela baieztatu ahal izan dugu.

Legegintzaldi mordoa pasatu dira Eusko Jaurlaritzak Nekazaritza sailik ez duela, ez behintzat bere horretan, beste batzuekin batuta edo azpitik egon izan baita. Sektoretik eskatu izan ohi dugu departamentu propioa, errekonozimendua, aurrekontu egokiagoa... izatea. Baina ikusi dugu izen ederreko itsasontziak gutxirako balio duela kapitaina noraezean badabil.

Amaia Barredo sailburuak aukera izan duen guztietan erabaki du sektoreak dituen arazoen aurrean beste alde batera begiratzea. Komertzializazioan gabezia estrukturalak ditu Euskal Herriko lehen sektoreak. Elikadura katearen legea soilik ez, esentzia bera betetzea ere amets lauso bat da, eta hala izaten jarraituko du agroindustria eta distribuzioaren interesak sektorearen beharren aurretik jartzen dituen gobernu batekin. Kooperatiba izaerako enpresak askotan, baina ekoizleak lehentasunen zerrendan urrun jarriko dituztenak.

Argazkia atera, telebista erabili, irratira joan eta lau haizetara lehen sektorearekin arduratsuak eta konprometituak direla esaten arituko da, berak gogo txarrez deituriko mahaian, kopetilun baditu ere sektoreko ordezkariak, baserritarren egoera gordina azalean bizi dutenak. Izan ere, norbere burua zuritzeko asmoz egiten diren adierazpenetan, ez da egokia nekazarien erakundeak (eta ondorioz, baserritar denak) iraintzea, sailburu andereak egin izan duen moduan.

EHNEk egindako saiakera guztien artean (bazka erosketa, ur hornidurak, laguntza zuzenak...), Pradales lehendakariari bilera bat egiteko eskaera ere luzatu zion irailaren hasieran, baina honek ere ez du erantzunik eman. Parlamentuan egindako adierazpenak entzun ditugu lehendakariaren ahotik, berehalako neurriak aginduz. Egoeraren larritasunaren parekoak izango al dira? Edo beste behin, telekomunikabideen berotasunean itxurakeriazko politika egiten jarraitu behar al dute? Denbora omen da poligrafo bakarra, baina kasu honetan haren beharrik gabe nabaritu dezakegu Pradales lehendakariak zuzentzen duen gobernu hau, Barredo sailburua sektoreko arduradun jarrita, ez dela behar lukeen neurrian ari.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide