Gernika-Palestina herri ekimenak biharko Euskal Herri mailan deitutako mobilizazioekin bat egin dute Azkoitian, Orion, Zarautzen eta Zumaian. Azkoitian, 19:00etan elkartuko dira, udaletxearen aurrean; Orion, 19:00etan, Herriko Plazan; Zarautzen, 19:00etan, udaletxearen aurrean; eta Zumaian, 18:30ean, Saregileen plazan.
Gernikaren herritik, genozidiorik ez! Gerrarik ez! lelopean deitu dituen mobilizazioekin, Euskal Herriak gerraren aurka antolatu eta saretu behar duela aldarrikatuko du Gernika-Palestina ekimenak. "Ahal den guztietan mobilizatu behar gara palestinarren itxaropenari ateak zabalik mantentzeko, eta argi eta ozen, 'gerrarik ez!' adierazteko", agertu dute deitzaileek.
Hiru urteren ondoren "Palestinaren egoera okerrera" doala adierazi dute herri ekimeneko kideek: "Genozidioa eta horrek dakartzan deshumanizazio forma guztiak nagusitzen ari dira, eta ezin dugu egoera tamalgarri hori normalizatu: gosea gerra arma gisa baliatzea; lurraldea inpunitate osoz berenganatzea; iazko urriko su eten adostutik ia 1.300 pertsona erail izana Israelgo estatuak, horietatik 270 haurrak; 8.000 gorpu errekuperatu ezinik Gazan...".
Halaber, Zisjordaniako egoera larriagotu egin dela diote; izan ere, kolono israeldarrek 1.200dik gora eraso egin dituzte han, kanpamenduak suntsitu dituzte, errepresioa areagotu dute eta kolonizazio prozesua azkartu dute, besteak beste.
Gernika-Palestina herri ekimenak ohartarazi du gerrak sustatzen dituzten estatu inperialistak ordena mundial berria eraikitzen saiatzen ari direla, eta gaur egungo nazioarteko araudia ez dela betetzen, ezta betearazten ere. "Inperialismoa, kolonialismoa, eta giza eskubideen urraketa sistematikoetan oinarrituriko forma ezberdinak iraunkortu, normalizatu, eta jendartearen partetik asumitzera bultzatzen dituzten erabakiak gailentzen dira", berretsi du.