Kirol eskaladako hainbat lehiaketa jokatu dituzte asteburu honetan Caceresen (Espainia). Horien artean, zailtasuneko modalitateko Espainiako Txapelketa jokatu da, eta, aldi berean, Espainiako Kopako hirugarren eta azken proba ere izan da. 15 urtez azpikoen kategorian, euskal selekzioarekin lehiatu dira Iraultza Azkue azkoitiarra, Lur Guenetxea oriotarra eta Markel Korta usurbildarra; bigarren postua eskuratu zuen Kortak, hirugarrena azkoitiarrak, eta laugarren izan zen oriotarra. Boulderreko lehian ere hirugarren izan zen Azkue.
Espainiako Zailtasun Kopako hiru emaitzak kontuan hartuta, berriz, Guenetxea izan da Kopako txapelduna, Azkue hirugarrena, eta Korta laugarrena.
Blokeko probetan ere azpimarratzekoa izan zen euskal selekzioko 15 urtez azpikoek egindako lana. Podiumeko hiru postuak lortu zituzten eskalatzaileek: Asier Intxaurbe izan zen txapelduna, Markel Korta bigarrena, eta Iraultza Azkue azkoitiarra hirugarrena. Kopako bi probak kontuan hartuta, Korta izan da Kopako irabazlea.
