Etxebizitza eskubidearen alde eta espekulazioaren aurka egiteko batu dira herritarrak

Intza Trula

Ernaik deituta, elkarretaratzeak egin dituzte Zarautzen eta Zumaian. Etxebizitza duinaren alde, urrats bat aurrera! lelopean, etxebizitzaren arazoari berehalako konponbidea eman diezaieten eskatu dute.

Etxebizitza eskubidea dela aldarrikatzeko eta espekulazioaren aurka egiteko indarrak batu dituzte gaur arratsaldean Zarauzko Lege Zaharren Enparantzan eta Zumaiako Saregileen plazan. Dozenaka lagunek egin dute bat Ernaik deitutako elkarretaratzeekin, eta Etxebizitza duinaren alde, urrats bat aurrera! lelopean egin dituzte protestak.

Ernaik salatu duenez, "etxebizitza gazteon arteko desberdintasun sozialak eta prekarietatea iraunarazten dituen faktore nagusienetako bat da". Ildo horretatik, etxebizitzaren arazoari "berehalakoa eta integrala" den konponbidea eman diezaieten eskatu dute, baita etxebizitza "negozio izatetik eskubide izatera pasatzeko" exijitu ere.

Horrez gain, Zarautzen eta Zumaian bizitzea "geroz eta zailagoa" dela salatu dute, eta horren adibide jarri dituzte alokairuko etxebizitzen prezioak: Zumaiako alokairuko etxebizitzen bataz besteko prezioa 800 eurokoa dela deitoratu dute, eta Zarautzen 1.000 eurokoa, "eta gazte gehienek laguntza behar izaten dute ordaintzeko".

(Argazkiak: Intza Trula eta Arnaitz Rubio Aprea)

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide