Urola Kostako EAJk zabor bilketa zerbitzuaren egoera salatu du berriro, eta gardentasuna eskatu dio Urola Kostako Mankomunitateari. Jeltzaleek azaldu dutenez, bilketa zerbitzuaren kontratua iraungita dago, eta oraindik ez da lizitazio berria martxan jarri. Gainera, kontratuaren egoerari buruzko txostena bi aldiz eskatu dutela adierazi dute, baina ez dutela oraindik erantzun argirik jaso. Alderdiak azpimarratu du zabor bilketa "oinarrizko zerbitzu publikoa" dela eta herritarrek zerbitzu "duina, garbia eta ondo kontrolatua" jasotzeko eskubidea dutela.
Era berean, jeltzaleen arabera, egoera kalean ere nabaritzen ari da. Bereziki udako hilabeteetako edukiontzien inguruko egoera aipatu dute, eta "kiratsa, zikinkeria eta edukiontziak gainezka" egotea, eta "bilketa kamioiek lixibiatuak galtzea" salatu dute. Halaber, zenbait puntutan saguak ere agertu direla diote: "Urola Kostako herritarrok zer egin dugu egoera hau merezi izateko? Ez dugu jasotzen kobratzen diguten zerbitzua".
Jeltzaleek nabarmendu dute haien kezka ez dela zerbitzuaren kalitatera mugatzen, baizik eta eskatutako informazioa ez jasotzeak ere kezkatzen dituela. EAJren hitzetan, kontratuari buruzko txostenak zerbitzuaren egungo egoera, egindako kontrolak, hartutako neurriak eta lizitazio berrirako aurreikuspenak argitu beharko lituzke. "Zergatik ez diete herritarrei erakutsi nahi? Zer daukate ezkutatzeko?", galdetu du alderdiak.