Oroimen ekitaldiz beteta dator asteburua

Iraia Oteiza

Iazko Gudari Eguneko ekitaldia, Zarauzko hilerrian. (Gorka Eizagirre)

Gudari Eguna dela eta, Txiki eta Otaegi izango dituzte gogoan igandean. Xabin Etxaide eta Xabier Kalparsoro Anuk ere omenduko dituzte gaur eta bihar.

Igandean, irailaren 27an, 51 urte beteko dira Francoren erregimenak ETAko kide ziren Juan Paredes Txiki zarauztarra eta Angel Otaegi nuarbetarra fusilatu zituela. Sortuk egun horretarako ekitaldiak antolatu ditu Euskal Herriko 50 herri baino gehiagotan, Loturak askatzera! lelopean, tartean Azpeitian eta Zarautzen. 

Gudari Eguneko Azpeitiko ekitaldia Nuarben egingo dute; hango frontoian izango da hitzordu politikoa, 13:00etan. Aurretik, 12:00etan, Otaegi hobiratuta dagoen hilerrira bisita egingo dute, eta ekitaldiaren ostean bazkaria izango da frontoian bertan. Bazkarirako sarrerak salgai daude Orkatz kultur elkartean: langileek 20 euro ordaindu beharko dute; eta ikasleek, langabeek eta pentsiodunek, 15 euro. 

Zarautzen ere hainbat ekitaldi egingo dituzte Gudari Egunari lotuta. 11:30ean hasiko dira ekitaldiak hilerrian; ordu horretan, Txikirekin batera beste hiru zarauztar ere gogoan izango dituzte: Jose Benito Mujika Xenki, Angel Iruretagoiena Piru eta Jose Maria Eizagirre Tapi. Ondoren, 12:00etan, Ahaztuak 1936-1977 elkartearekin batera, Txiki eta Otaegi eta FRAPeko Jose Humberto Baena, Jose Luis Sanchez eta Ramon Garcia oroituko dituzte hilerrian bertan. Omenaldiaren ondoren, gainera, lore eskaintza egingo dute gudarien monolitoan, eta luntxa izango da. 

Sortuk azaldu duenez, oroimenerako eguna izango da igandea, baina baita askapen borrokan berresteko eta etorkizunera begiratzeko eguna ere. "Urtero oroimenez eta aldarrikapenez bete eta harrotasunez bizi dugu Gudari Eguna, eta arian-arian, nazio askapen mugimenduaren eguna bilakatzen ari da", azaldu dute. Fusilamenduen urteurrena hainbat kide eta belaunaldi elkartzen dituen eguna da Sorturentzat: "Euskal Herriaren alde borrokan ari zen, ari den eta haren askatasuna lortu arte borrokan ariko den komunitatea izateak batzen gaitu irailaren 27an. Nazio askapen mugimendua zerbait da, borrokarako komunitate bat delako", berretsi dute.

Sortuk artista bati eskatzen dio urtero irailaren 27a irudikatzeko, eta aurten Mikel Erkiaga bilbotarrak gauzatu du kartela. Aurretik hainbat sortzailek egin izan dituzte irudiak, hala nola Malen Amenabarrek, Nora Aurrekoetxeak, Kepa Akixok nahiz Laura Ruizek. 

Etxaide eta Anuk ere bai

Oroimenaren asteburua izango da datorrena; izan ere, Gudari Egunean bertan oroituko dituztenez gain, Xabin Etxaide zestoarra eta Xabier Kalparsoro Anuk zumaiarra ere oroituko dituzte gaur eta bihar. 

Hain zuzen ere, gaur dira 41 urte GALek Xabin Etxaide zestoarra hil zuela Baionako Monbar hotelean. Harekin batera tiroz hil zituzten Iñaki Astiasuinzarra, Jose Mari Etxaniz eta Agustin Irazustabarrena. Urtemugaren harira, Etxaide oroitzeko ekitaldia egingo dute bihar Zestoan.

09:00etan Ertxina mendira irteera egingo dute, Gurutzetik abiatuta, eta han taldeko argazkia aterako dute. Gero, 13:00etan, plazatik abiatuta kalejiran joango dira herritarrak Etxaideren oroimenezko monolitora. Han egingo diote omenaldia GALek hil zuen zestoarrari.

Bihar, berriz, 33 urte beteko dira Xabier Kalparsoro Anuk zumaiarra hil zenetik. Bertsio ofizialaren arabera, Espainiako Polizia Nazionalak Indautxun (Bilbo) zuen komisariako leihotik erori zen Kalparsoro, eta bi egunen buruan hil zen, Basurtuko ospitalean. Alta, haren heriotzak galderez eta zalantzaz josita jarraitzen du; horregatik, Anuki gertatutakoaren inguruko "egia osoa jakiteko eskubidea" aldarrikatuko dute bihar.

Ohi bezala, labarretan egingo dute oroimen ekitaldia, Anuken omenezko oroitarriaren parean, 12:00etan hasita. Eguraldi txarra eginez gero, Ardantzabidera lekualdatuko dute ekitaldia.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide