UEMAk sortutako Esnatu dinamikak Urola Kostako hainbat herri zeharkatuko ditu datozen asteetan. Euskarak arnasguneetan eta udalerri euskaldunetan bizi duen egoeraz kezkatuta sortu zuten dinamika, eragileak ahaldundu eta egoerari buelta emateko asmoz. Hain justu, datorren asteazkenerako, hilak 30, deitu dute Zarautzen hitzordua.
Apirilaren 14an egin zuten dinamikaren lehen aurkezpen ofiziala, Orion. Bertan, ondorengoa esan zuen Martin Aramendi Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko (UEMA) lehendakariak: "'Esnatu ala hil' esan digute ikerlari, soziolinguista eta euskaltzale adituek, eta udalerri euskaldunok eta hainbat eragilek, dagokigun arduratik, argi dugu: esnatzea da gure hautua". Ildo horretatik, UEMAk dio "gaur egun bezala jarraituz gero, eremu euskaldunenean ere euskarak atzerantz egingo duela" diotela ikerketek, eta egoera hori "iraultzeko arduratik" sortu dutela Esnatu.
Izan ere, UEMArk horrela eskatuta, Siadecok Nora doa euskara? Euskal Herria 2036. Proiekzio demolinguistikoa ikerketa egin zuen iazn, eta, bertan, "alarma gorria" piztu zuten hainbat ondorioa atera zituzten. Lehenengo ondorioak zioen aldaketa demografiko handia eta azkarra ari dela gertatzen, eta UEMAren ustez, "hizkuntza politikak kontuan hartu behar du aldaketa hori". Bigarrenik, euskararen ezagutza goraka doan arren, aldagai trinkoenetan atzeraka ari dira udalerri euskaldunenetan ere, "eta horrek eragina dauka erabileran". Hirugarren ondorioa honakoa izango litzateke: bide honetatik jarraituta, hamar urtean ez da arnasgunerik geratuko Euskal Herrian.
Hain zuzen ere, ikerketa horri esker jasotako informazioa herritarrekin partekatu nahi du UEMAk, eta, bide batez, txostenean jasotako ondorioek duten garrantzia azaldu.
Lehen saioa Zarautzen
Hori horrela, datozen asteetako lehen saioa Zarautzen izango da, asteazkenean, 18:00etan, Etxezabala aretoan. Bertan, hainbat talde, elkarte, eragile eta euskaltzale bilduko dira. UEMAk, Zarauzko Udalak eta Zirika Euskara elkarteak antolatu dute hitzaldia, eta UEMAko euskara teknikari Goizane Aranak gidatuko du.
Hiru gai landuko dituzte nagusiki: lehenengoa Euskal Herriko eta Zarauzko egoera soziolinguistikoaren diagnostikoa eta bilakaera laburra izango da; bigarrena UEMAk aurkeztu duen Lurralde Estrategiaren aurkezpena; eta, hirugarrena, Zarauzko eta Urola Kostako eragileek udalerri euskaldunei eusteko zer egin dezaketen aztertzea.
Datozen hitzorduei dagokienez, urriaren 9an Azkoitiko herritarrekin elkartuko da UEMA; azaroaren 6an Orion aurkeztuko dute; eta, azaroaren 18an Azpeitian. Dena den, ordutegi zehatza eta lekua ez dituzte jakinarazi oraindik. Zestoan, berriz, maiatzean aurkeztu zuten.
Hori horrela izanik, ekimenari buruzko informazio zehatza, orain arte dinamikara batu diren eragileen zerrenda, hartutako konpromisoak, hemeroteka, bideoak eta gainerako material osagarri guztia ondorengo lotura honetan topa daitezke.