Alemanian jaioa bada ere, Getarian bizi da aspalditik Joachim Fesser (Bad Berleburg, 1958). Gaur egun emaztea duena Koloniara joan zen ikastera, eta han ezagutu zuten elkar. Urte batzuk han eman bazituzten ere, Euskal Herrira etortzea erabaki zuten gerora. Dena den, sorterria ez du ahaztu Fesserrek: Alemanian ekoizten duten modura egiten du garagardoa Aizarnazabalen, horretarako egokitu duen lantegian.
2013az geroztik bizi zara Euskal Herrian. Ez al zitzaizun gogorra egin aldaketa?
Ezberdina da Alemanian edo Euskal Herrian bizitzea. Ikasketaz ingeniari mekanikoa naiz, eta Kolonian filmen eszenatokiak muntatzeko eta efektu bereziak sortzeko enpresa bat nuen. Baina hemen ez zegoen arlo horretan lanik. Orduan, neure buruari galdetzen nion: "Zer egingo dut hemen?". Aurrena, Getarian jatetxe bat izan nuen, garagardotegi bat. Kolonian, jatorri izeneko kölx garagardoa egiten dute, eta hori saltzen nuen garagardotegian. Dena den, nik aurretik egiten nuen garagardo artisaua etxean, duela hogei bat urtetik. Afizio hori banuen, baina kantitate txikietan ekoizten nuen, nire lagunak pozointzeko lain [barreak]. Duela bost urte, erabaki nuen Getariako garagardotegia uztea eta garagardoa egitetik bizitzen ahalegintzea.
Nola eman zenituen lehen pausoak?
Garagardoa ekoizteko, erabilitako makineria erosi nuen, baina ez zegoen funtzionatzeko moduan, eta neuk egin nituen martxan jartzeko beharrezko egokitzapenak. Dena konpondu nuen, lagun alemaniar batzuen laguntzari esker, eta Alemanian garagardo maisuak hezten dituen unibertsitate batek ere eman zizkidan aholkuak. Makinen planoak bidali nizkien, eta haiek esan zidaten zer aldatzea komeni zen...
Eta zu ingeniaria zarenez, ondo moldatu zara egokitzapen horiek egiterakoan...
Baina ingeniaria izatea eta norberak esku lana egin behar izatea bi gauza ezberdin dira. Gauza asko egiten ikasi beste erremediorik ez dut izan.
Alemaniatik etortzean zeure buruari egiten zenion galderari aurkitu diozu erantzuna, beraz. Garagardoa egitea da zure bidea. Gustatu al zaizu?
Bai, baina lan handia da pertsona bakar batek egiteko. Izan ere, prozesu guztia neuk bakarrik egiten dut. Denboraren erdia makineria garbitzen ematen dut, paper kontuak zuzen eramateko ere denbora behar izaten dut... Eta garagardoa egitea parte txiki bat baino ez da; egin beharreko lan guztien %20, agian. Eta hori da niri gehien gustatzen zaidana. Hori bai, garagardoa saltzen dudanean eta jendeak esaten didanean ona dagoela... Hori da bueltan jasotzen dudan oparia. Esan beharra daukat emazteak asko laguntzen didala: fakturekin, azoketara joaten... Eskerrak laguntza hori daukadala.
"Garagardoa saltzen dudanean eta jendeak esaten didanean ona dagoela... Hori da bueltan jasotzen dudan oparia"
Zenbat ekoizten duzu urtean?
Garagardoa egiten dudan aldi bakoitzean 500 litro egin ditzaket. Eta urtean 25 bat aldiz-edo egingo dut. Baina gero saldu ere egin behar da. Saltzen ez dudan dena ezin dut neuk edan, eta orduan, bota egin behar izaten dut.
Garagardoa ezin da ardoa bezala denbora luzez gorde, ezta?
Ez, garagardoarentzako urtebete asko da. Batzuek esaten dute garagardo artisauak zortzi hilabete irauten duela, baina nik, segurtasunagatik, lau hilabeteko iraungitze data jartzen diot. Lagun garagardozale batek hala esan ohi du: baten bat ez bada gai 24ko garagardo kaxa bat sei astean edateko, beste zerbait edan dezala [barreak].
Zenbat garagardo mota ekoizten dituzu?
Sei, baina beti ez ditut izaten denak. Honako hauek dira: bat lager horia da, beheko hartzidurarekin; beste bat lagerraren antzekoa, horia, baina goiko hartzidurarekin; hirugarrena beltzarana da, goiko hartzidurarekin; laugarrena beltza, beheko hartzidurarekin; bosgarrena gari garagardoa da; eta azkena, IPA (India Pale Ale) arin bat. Azoketan saltzen ditut normalean, batez ere Gipuzkoan eta Bizkaian, nahiz eta gutxi batzuk atzerrira ere saltzen ditudan. Ezagutzera ematea da zailena. Zaila da industria handiekin lehiatzea, askok esklusibotasuna saltzen dietelako jatetxeei eta tabernei.
Garagardoa modu artisauan egitea erabaki duzu. Zergatik?
Industria handiek ekoizten duten garagardoaren zaporea nahiko uniformea izaten da. Garagardo komertzialenak begiak itxita alderatzen baditugu, bereizteko arazoak izaten ditugu sarritan. Niri beste zapore bateko garagardoa gustatzen zait.
Zuretzat, garagardo on batek zer ezaugarri izan behar ditu?
Era askotako garagardoak daude, eta bakoitza ezberdina da, baina zaporea da garrantzitsuena, norberari gustatu egin behar zaio. Niri lagerra asko gustatzen zait, eta kölx ere bai. Malta onarekin eginez gero, zapore ezberdina du garagardoak, intentsoagoa. Hori gustatzen zait niri. Garagardo oso mikatzak ez zaizkit gustatzen; lupuluaren ukitu bat izatea gustatzen zait, eta bukaeran, agian, puntu gozo bat. Hori egiten saiatzen naiz ni.
Lehengaia nondik eskuratzen duzu?
Malta oinarrizko gehienak Nafarroatik ekartzen ditut, Tuteratik, eta bereziak, Alemaniatik. Lupulua ere Alemaniatik ekartzen dut. Pepo's Hops industriak ekoizten du hemen lupulua [Azkoitian], baina nik erabiltzen dudana ez da hemen hazten. Bera saiatu da hemen landatzen, baina ez da hazten. Horregatik ekartzen dut Alemaniatik.
Garagardoak ez duela mendirik gurutzatu behar diozu.
Kolonian bada ezaguna den esaera bat, zera esaten duena: garagardoa urrutira eramaten baduzu, aldatu egiten dela. Horregatik esaten dugu garagardoak ez dituela mendiak gurutzatu behar, bertan egina hobea dela; zero kilometro filosofiarekin ekoitzitakoa izan behar du produktuak. Horretan saiatzen naiz ni.
"Euskal Herrian badago garagardoa edateko kultura, baina gutxitzen ari da ohitura"
Euskal Herrian garagardo asko kontsumitzen al da?
Bai, baina gero eta gehiago eskatzen du jendeak alkoholik gabekoa, glutenik gabekoa... eta nik ez dut elementu horiek gabe egiten. Euskal Herrian badago garagardoa edateko kultura, baina gutxitzen ari da ohitura. Alemanian ere gauza bera gertatzen ari da. Alkoholaren kontsumoa, oro har, murrizten ari da.
Zergatik?
Badago alkoholik kontsumitzen ez duen belaunaldi bat. Osasuntsu bizi nahi dute, baina garagardoa elikagai ona da osasunarentzat, neurrian edanez gero; noski, ez da ona upel osoa edatea. Pixka bat edatea ez da txarra, produktua ona baldin bada.
Zer moduz bizi zara Euskal Herrian? Gustuko al duzu?
Bai, asko gustatzen zait. Mendiz eta itsasoz inguratuta dago, eta ederra da hori. Gainera, nire emaztearen familiak oso ondo hartu nau hemen. Eta nire alaba ere gustura bizi da Getarian. Dena den, tarteka joaten naiz Alemaniara; amak 93 urte ditu, eta hura zaintzera. Eta garagardoaren proiektuari dagokionez ere, gustura nago; ez dut nahi mota gehiago ekoiztea, egiten dudana hobetzea baizik.