Bertso eskoletan izena emateko epea zabalik du Erniarraitz Bertsozale Elkarteak

Andoni Elduaien

Mikroaren aurrean egingo dute bertsotan izena emandakoek. (Magnific)

Erniarraitzek haurren, gazteen zein helduen taldeak jarriko ditu martxan bertso eskoletan. Izena eman nahi dutenek bertsozale elkartearekin jarri beharko dute harremanetan ikasturteari ekin aurretik. 

Erniarraitz Bertsozale Elkarteak urrian hasiko du ikasturte berria bere bertso eskoletan. Ume zein heldu, adin guztietarako eskaintza izango da bertsotan trebatu nahi duenarentzat; izan ere, Erniarraitzek haurren, gazteen zein helduen taldeak sortzeko nahia azaldu du beste urte batez.

Haurren taldeak Azkoitian, Azpeitian eta Errezilen elkartuko dira; Azkoitian, Kultur Etxean, asteazkenetan izango dira saioak 17:15etik 18:15era; eta Azpeitian, Dinamoan, ostegunetan, 18:30etik 19:30era. Errezilen, berriz, eguna eta ordua parte hartzaileekin adostuta zehazteko asmoa du bertso elkarteak.

Gazteentzako taldea ere sortuko du Erniarraitzek, eta horiek astelehenetan egingo dute bertsotan Azpeitiko Dinamoan, 18:00etatik 19:00etara. Helduen taldea ere leku berean elkartuko da astearte iluntzetan. Ordea, Erniarraitzek jakinarazi du azken talde horretan parte hartzeko ez dagoela bertsotan jakin beharrik. "Hasiberrien taldea izango da, eta bertsozale orori luzatu nahi diogu gonbidapena", esan dute. Astearteko saio horretarako ordua ere parte hartzaileekin zehaztuko du Erniarraitzek. 

Hiru talde horietakoren batean parte hartu nahi duenak erniarraitz@gmail.com helbide elektronikora idatzi beharko du mezua. Izena ematen duenak, 20 euroko hileko kuota ordaindu beharko du. Dena den, Erniarraitzek adierazi du izena emandakoek bertso elkarteak aurreikusi dituen taldeetara egokitzeko zailtasunak badituzte, izena ematerakoan zehaztu beharko dutela hori. "Lasai idatzi, beharren arabera egokitzapenak egiteko eta talde berriak sortzeko aukera baitago", azpimarratu dute. 

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide