Minbiziaren Aurka Gipuzkoan elkarteak hainbat ekintza antolatu ditu udazkenerako Azpeitian eta Zarautzen

Eneko Eizagirre Perez

Herritar bat diru bilketa batean ekarpena egiten. 

Arnasketa saioak izango dira bi herrietan, eta nikotina kontsumitzeko modu berrien inguruko ikastaroaren barruko hiru saio egingo dituzte datozen hilabeteetan, online. Horrez gain, bularreko minbiziaren inguruko hitzaldiak eta erretzeari uzteko tailerrak ere eskainiko dituzte. Doakoak izango dira hitzordu guztiak, baina aurrez izena eman beharko da horietan parte hartzeko.

Minbiziaren Aurka Gipuzkoan elkarteak egoitzak ditu Zarautzen eta Azpeitian, eta hori baliatuta, minbizia duten herritarrei eta haien senideei zuzendutako hainbat jarduera egingo dituzte bi herri horietan udazkenean. Besteak beste, saioak, ikastaroak eta beharrezko materialen mailegua eskainiko dituzte.

Zarautzen egingo dituzten jarduerei erreparatuz, urriaren 1ean, Zarauzko Silc yoga zentroan (Herrikobarra kaleko 15. zenbakian) arnasketa tailerra eskainiko dute, 16:00etan. Urriaren 22an, berriz, 17:30ean hasita, Bularreko minbizia eta eraldaketa izeneko tailerra eskainiko dute Emakumeen Etxean. Bestalde, urriaren 29an, Death Cafe solasaldia egingo dute Zarautz Herri Zaintzaileak gidatuta, Balea kaleko 2. zenbakian. Horrez gain, Duelo y navidad izeneko hitzaldia izango da abenduaren 2, Antoniano aretoan, 17:30etik aurrera.

Azpeitian ere izango da hitzordurik. Urriaren 16an, esaterako, Euskadi Minbiziaren Aurka kongresuaren laugarren edizioa egingo dute. Horrez gain, baina, beste jarduera batzuk ere antolatu dituzte. Horietako bat da, esaterako, azaroan 3an, 18:30ean, Enparan kaleko egoitzan eskainiko duten arnasketa saioa. Egun zehatzetako ekintzez gain, irailean, urrian eta azaroan hilean behin –irailaren 30ean, urriaren 20an eta azaroaren 25ean– ikastaro bat eskainiko du elkarteak online. Hain zuzen ere, nikotina kontsumitzeko modu berrien inguruko ikastaroa izango da, eta bi taldetan banatuta egingo dituzte saioak; alde batetik, hezitzaileak eta irakasleak; eta bestetik, gurasoak.

Bi herrietan Minbiziaren Aurka Gipuzkoan elkarteak eskainitako jarduera guztiak doakoak izango dira, eta ez da beharrezkoa elkarteko bazkide izatea horietan parte hartzeko. Hala ere, aldez aurretik eman behar da hitzorduetarako izena, 943-45 77 22 zenbakira deituta edo gipuzkoa@contraelcancer.es helbidera mezu bat idatzita. Informazio gehiago elkartearen webgunean aurkitu daiteke.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide