Imanol Epelderen 'Zerbait sartu zait begian' emanaldiak geldialdia egingo du Getarian eta Zarautzen

Enara Ariznabarreta

Imanol Epelde, Zerbait sartu zait begian. (Utzitakoa)

Udazkeneko tourrak urriaren 4an eta azaroaren 6an egingo du geldialdia Getarian eta Zarautzen. Datorren igandean, 18:30ean hasita, Zerbait sartu zait begian izeneko emanaldiaz gozatzeko aukera izango da Iturzaeta aretoan.

Imanol Epeldek Zerbait sartu zait begian izeneko emanaldiaren udazkeneko tourra aurkeztu zuen irailaren 13an Lesakan, eta datozen hilabeteetan ere Euskal Herriko hainbat udalerri bisitatuko ditu. Getarian datorren igandean, urriak 4, egingo du geldialdia, Iturzaeta aretoan, 18:30ean hasita. Zarautzera, berriz, azaroaren 6an iritsiko da. Emanaldia 22:00etan izango da Hiruputzu gaztetxean, Arraio Irratiak antolatuta. 

Epelderen emanaldiak spoken word-a, musika elektronikoa eta irudiak uztartzen ditu. Performance garaikide honetan, bizimoduaren abiadura, naturarekiko deskonexioa, zoriontasunaren bilaketa amaigabea, maskulinitatea eta euskara umorez nahasten ditu, publikoa hunkituz eta hausnarketara bideratuz.

Getariako emanaldirako sarrerak jada salgai daude Turismo Bulegoan, 5 eurotan. Jakitera eman dutenez, sarrerak aurrez jarriko dira salgai, eta laster informazio gehiago emango dute imanolepelde.eus webgunean.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide