Gorka Atxalandabaso: "Inoizko aukerarik garrantzitsuena eskaini dit Iraurgi Saskibaloiak"

Andoni Elduaien

Gorka Atxalandabaso. (Andoni Elduaien)

Gorka Atxalandabasoren aurpegia ez da berria Biele ISBn, iaz Iñigo Nuñez entrenatzailearen laguntzailea izan baitzen leioarra. Aurten, baina, berak hartu du Iraurgiren gizonen taldearen gidaritza.

Biele ISBren aulkian aldaketa izan da udan. Iñigo Nuñezek entrenatzaile izateari utzita, iaz haren laguntzailea izan zen Gorka Atxalandabasok (Leioa, Bizkaia 1998) hartu du lekukoa. Inoiz eskaini dioten aukerarik garrantzitsuena dela aitortu du eta sasoiari ekiteko gogoz dago.

Biele ISBko entrenatzaile nagusia zara orain. Nola ekin diozu erronka berriari? 

Aldaketa handia da entrenatzaile laguntzailea izatetik entrenatzaile postua hartzera igarotzea; izan ere, orain niri dagokit erabaki garrantzitsuenak hartzea. Dena den, iaz taldean zeuden zenbait jokalarik Iraurgin jarraitzen dute, ezagutzen ditut horiek guztiak, eta horrek asko lagundu dit denboraldiaurreari ekiteko, jokalariak ezagutzeko edota harreman berriak garatzerako orduan. Nolabait esatearren, taldean egon izanaren abantaila txikiarekin ekin diot sasoiari.  

Desabantaila bat ere badut, ordea. Entrenatzailearen laguntzaileak oso gertuko harremana izan ohi du jokalariekin. Halere, normaltasunez eta egunero lan eginez ari naiz lantzen kontu hori; jokalariak nirekin daudela sumatzen dut. Oro har, ondo daramat kargu aldaketa, ezin dut gehiago eskatu.  

Zer sentitu zenuen taldeko entrenatzailea izateko aukera eskaini zizutenean?  

Bertigo handi samarra sentitu nuen, baita zalantza, ziurgabetasun eta beldur puntua ere. Neure buruari galdetzen nion halako erronka bati eusteko prest al nengoen, ardura hartzeko gai izango ote nintzen. Nolanahi ere, uste dut ari naizela gainditzen nire buruari ikusten nizkion ziurgabetasun gabezia horiek guztiak; eguneroko lanari esker ari naiz egoera horri buelta ematen. Ez dut ezkutatuko, gainera: inoizko aukerarik garrantzitsuena eskaini dit Iraurgi Saskibaloiak. Horregatik, ez diot hutsik egin nahi klubari, lehen egunetik nire etxea bailitzan sentitu baitut.  

Etapa berri honetan, zerk egiten dizu ilusio handiena?  

Taldeko zenbait jokalarirekin ibilbide bera partekatzeak, inolako zalantzarik gabe. Esate baterako, Jordan Jermain sendatze bidean da. Iaz, partida gutxi jokatu ahal izan zituen lesioagatik, eta orain, kantxara itzultzeko lanean ari da. Horrez gain, poztu egiten nau etxeko jokalariak hazten ikusteak, horiei ligan jokatzeko aukera eskaintzeak. Guztiaren gainetik, ordea, talde gaztea eta leihakorra izateak motibatzen nau gehien.  

Kluba ezagutzen duzu lehendik. Hori aldeko izango duzu.

Gure taldeak ezin hobeto irudikatzen du Iraurgik zer izan nahi duen. ISB familia giroko taldea da, apala; izan ere, jokalari ia denak dabiltza aukera baten bila. Jokalari batzuk berriak dira maila honetan, eta beste batzuek, urte txar baten ondoren hobetzea dute xede. Era berean, atzerritik iritsitako rookie-ak edo debutariak ditugu, edota alderantziz, atzerrira jauzia eman nahi dutenak.  

ISBn orain arte egindakoak zenbateraino lagundu dizu erronka berria prestatzen? 

Asko. Iaztik taldean jarraitzen duten jokalariek eman digute taldea nahi bezala eraikitzeko aukera. Dena den, zorte txar pixka bat ere izan dugu, taldera batu behar zuen jokalari batek ezin izan duelako etorri, eta taldean arituko den beste bat iritsi berria delako.

Gustura al zaude osatu duzuen taldearekin?

Jokalari gazte askorekin osatu dugu taldea, gosez diren kideekin eta ligan jarraitu nahi dutenekin. Taldeari bizpahiru urtean jarraikortasuna emango dioten jokalari gazteak lotu nahi izan ditugu. Horiek etxean senti daitezen eta hurrengo denboraldian ere gurekin jarrai dezaten nahi dugu.  

Nolako entrenatzailea zara? 

Egunerokotasunean lan egitea dut gustuko. Gaztea naiz, eta gustatzen zait jokalariekin gertuko harremana sustatzea, baina, era berean, saiatzen naiz horiek errendimendu onena eman dezaten bultzatzea. Entrenamendu saioek bi ordu irauten dute, eta bitarte horretan guztiek lana behar bezala egitea nahi izaten dut. Halere, gustatzen zait inoren aurretik lana neuk egitea.  

Zertan aldatuko da taldea? 

Zaila izango da iazkoa errepikatzea, talde oso on batekin denboraldi oso ona gauzatu genuen eta. Maila ona ematera iritsi zen familia bat izan zen iazkoa, eta horixe lortu nahi dut aurten ere. Familia izango den talde bat eratu nahi dut, lotura horri esker lortzen da-eta gehienetan arrakasta; jokalari onenak izatea baino garrantzitsuagoa izan ohi da sarritan hori. Jokalarien eta entrenatzaileen artean kimikarik ez badago, hutsune hori nabaritu egiten da egunerokoan, eta eragina izan ohi du epe luzera. 

Entrenatzailea izanda, erabakiak hartzea dagokizu orain. Nola kudeatzen duzu erantzukizun hori?  

Errespetu pixka bat ematen dit kontu horrek, baina taldearentzat edota klubarentzat onena izan daitekeen erabakia hartzen saiatzen naiz beti. Erabaki garrantzitsuak hartu behar badira, beldurrik gabe hartuko ditut, eta nola ez, erabakitasunez. Ibon [Guridi, kirol zuzendaria] eta biok eskutik goaz bide honetan; badakit haren babesa izango dudala edozertarako. Saiatzen gara erabakiak ondo hausnartuta hartzen, aldez aurretik hitz egiten.  

Nolako saskibaloi estiloa izango du Biele ISBk?  

Jokalari bakoitzak defentsan ardura har dezan nahi dut, eta taldekideekiko eskuzabalak izatea. Eraso azkarrak eta alaiak ikusi nahi nituzke, aurreneko segundoetan jokalariek baloia beren artean elkarbanatuz eta baloi jabetza askotan izanez. Taldea gaztea da, eta fisikoki indartsua. Horregatik, uste dugu esan dudana bat datorrela taldeak izan behar duen jokamoldearekin.  

Zein dira zure taldearentzat negoziaezinak diren kontuak?  

Niretzat ezinbestekoa da jokalariek konpromisoa, jarrera eta energia izatea. Saskiaren aurrean asmatzen ez badu norbaitek, defentsan egin beharko du ekarpena. Jokalariek ez dute lortuko egunero hamar puntu saskiratzea, eta halakoetan, nahi nuke jokalariek defentsarako ideia buruan izatea. Handia litzateke banakako ardura hori talde osora zabaltzea.

Non ikusi nahiko zenuke taldea denboraldiaren amaieran?  

Iruditzen zait epe luzerako helburuak jartzea ligako gainerako taldeekiko errespetu falta erakustea dela. Egunetik egunera hobeak izan behar dugu, eta nola ez, buruan asmo handiak izan. 

Ligari begira jarrita, multzoz aldatu zaituztete aurten. Nola ikusten duzu zuen multzoa? 

Orain arte egon garen multzotik atera gaituzte, bestean sartzeko. Gure multzoa bestea baino lehiakorragoa iruditzen zait, lau bat talde ekonomikoki gainerakoak baino ahaltsuagoak baitira. Hori horrela izanda, gure etxea gotorleku bihurtu behar dugu, eta ahalik eta partida gehien irabazi.  

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide