Irailaren 21a da Alzheimerraren Mundu Eguna, eta hori aintzat hartuta, Gipuzkoa Alzheimerrarekin izeneko kanpaina abiatu dute Afagi elkarteak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak. Eman dituzten datuen arabera, Gipuzkoan alzheimerra edo bestelako dementziak dituzten 13.000 pertsona baino gehiago bizi dira, eta 40.000 senide eta zaintzaile ingururi eragiten die.
Kanpainako jardunaldi nagusia Donostian egingo dute larunbatean, hilak 19. 12:00etan hasi eta hogei minutuz, Donostiako Kontxako barandan giza katea egingo dute, Cervantes plazaren parean. Hala, ekintza horretan parte hartzera gonbidatu dituzte erakundeak, profesionalak, elkarteak, familiak, alzheimerra duten pertsonak, boluntarioak nahiz herritarrak.
Eskualdean ere bat egingo dute kanpainarekin, mahai informatiboak jarriz, ostegun eguerdi partean Zarautzen eta Orion (asteroko azoka egiten den tokian).
Prebentzioa eta baliabideak
Kanpaina prentsaurrean aurkeztu dute, eta bertan izan dira Maite Peña Zainketen eta Gizarte Politiken diputatua eta Iñaki Olalde Afagiko presidentea.
Peñak beharrei aurrea hartzearen beharra azpimarratu du, datozen urteetan dementziekin lotutako beharrak gero eta handiagoak izango direlako. Testuinguru horretan, Prebentzioaren Kulturaren Zentro berria nabarmendu du diputatuak. Zentroak "Europan aitzindaria den eredu bat" bultzatzen du, prebentzioa, arreta espezializatua eta lankidetza soziosanitarioa uztartuz. "Aurrerapauso bat ematen ari gara beharrei aurrea hartzeko eta prebentzioa alzheimerra eta bestelako dementziak lantzeko moduaren parte izan dadin", esan du.
Peñak Afagi elkarteak egiten duen lana ere nabarmendu du. "Urteetako esperientziak, gertutasunak eta pertsonen ondoan egoteko gaitasunak ezinbesteko eragile bihurtzen du elkartea, Gipuzkoa zaintzen jarraitzeko".
Olaldek, berriz, gogorarazi du gaixotasun hori Gipuzkoako milaka familiaren bizitzaren parte dela. Biztanleriaren zahartze progresiboaren aurrean, dementzien hazkundeari aurrea hartu eta erantzuna indartu beharra defendatu du. "Ezagutza gehiago, ikerketa gehiago, diagnostiko hobeak, baliabide gehiago eta eragile guztien arteko koordinazio handiagoa behar ditugu", adierazi du.
Aurten elkarteak "arreta berezia" jarri nahi izan du tratamendu berrien inguruan. "Tratamendu hauek ez dira sendabidea, ez dira pertsona guztientzat egokiak eta arriskuak dituzte. Baina pertsona batzuentzat, baldintza kliniko jakin batzuetan, gaixotasunaren bilakaera moteltzeko aukera izan daitezke", azaldu du. Horregatik, Afagik defendatzen du terapia horiek eskuratzeko aukera irizpide kliniko eta zientifikoetan oinarritu behar dela, baina baita ekitatea ere kontuan hartu behar dela: "Irizpide medikoak betetzen dituen eta tratamendu baten onura jaso dezakeen pertsona batek tratamendu hori eskuratzeko benetako aukera izan behar du", nabarmendu du.