Martxan da lan esperientzia lortu nahi duten gazteentzako Hazilan programa

Julene Sorarrain

Urola Kostako Udal Elkarteak (UKUE) Hazilan+ programa jarri du abian.

Lanbide Heziketako edo Unibertsitateko titulazioa duten eta laneratzeko edo beren ibilbide profesionalari bultzada bat eman nahi diotenei dago zuzenduta programa, eta interesdunek azaroaren 11ra arte izango dute izena emateko aukera.

Urola Kostako Udal Elkarteak (UKUE) Hazilan+ programa jarri du abian, kualifikazio maila ertain-altua duten pertsonen enplegagarritasuna hobetzeko eta laneratzea errazteko. Programa bereziki lan bila dabiltzan pertsonei zuzenduta dago, lehen lan esperientzia lortu nahi duten gazteei eta beren ibilbide profesionala hobetu edo lan aukera berriak aztertu nahi dituztenei, hain justu. Parte hartzeko, beharrezkoa da langabezian egotea, erdi mailako, goi mailako edo unibertsitateko titulazioa izatea eta Urola Kostako eskualdeko udalerriren batean erroldatuta egotea.

Prestakuntza, orientazioa eta praktikak uztartzen dituen ibilbidea Hazilan+ programaren barruan eskaintzen den OSATU ibilbideak prestakuntza, orientazio pertsonalizatua eta enpresetako praktikak uztartzen ditu, parte hartzaileek lan merkatuan eskatzen diren gaitasun pertsonalak eta profesionalak garatu eta benetako lan esperientzia eskuratu dezaten. Prestakuntza azaroaren 16an hasi eta abenduaren 22ra arte iraungo du; ondoren, urtarriletik aurrera, parte hartzaileek 200 orduko praktikaldia egingo dute eskualdeko enpresetan.

Hiru fase

Hazilan+ programa hiru fasetan egituratzen da. Parte hartzaileek, lehenik, taldeko saio dinamikoen bidez gaur egungo enpresek gehien baloratzen dituzten zeharkako gaitasunak landuko dituzte, besteak beste, komunikazioa, talde lana, gatazken kudeaketa edo lidergoa. Saioak astelehenetik ostegunera izango dira, goizez, eta guztira 80 orduko iraupena izango dute.

Bigarren fasean orientazioa eta jarraipen pertsonalizatua eskainiko dituzte, eta 30 orduko iraupena izango du fase horrek. Parte hartzaile bakoitzak, tutore baten laguntzarekin, bere profil profesionala indartzeko eta laneratzeko estrategia pertsonalizatua garatuko du. Eta azkenik, prestakuntza amaitu ondoren, parte hartzaileek eskualdeko enpresetan benetako lan ingurunean aritzeko aukera izango dute, esperientzia eskuratuz eta tokiko enpresa sarearekin harremanak sortuz. 200 orduko iraupena izango du praktikaldiak.

Izena emateko epea, zabalik

Programan parte hartu nahi dutenek azaroaren 11ra arte izango dute horretarako aukera, galdetegi honen bidez. Programa hobeto ezagutzeko interesa dutenentzat, halaber, bi informazio saio ireki antolatu dituzte UKUEren egoitzan. Urriaren 16an eta 22an izango dira saio horiek, 10:30ean, eta ez da aurretik izena eman beharko. Informazio gehiago eskuratzeko, lanpoltsa@urolakosta.eus helbidera idatzi edota 943-89 08 08 zenbakira deitu daiteke. 

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide