Udako etenaren ostean, pentsio duinen aldarria kalera atera dute Azpeitian, Zarautzen eta Zumaian

Ihintza Elustondo

Gaur Azpeitian egin duten elkarrretaratzea. (Ihintza Elustondo)

Nabarmendu dutenez, pentsiodunen erosteko ahalmena gero eta txikiagoa da, eta haien aburuz, ezinbestekoa da gutxieneko pentsioak Lanbide arteko Gutxieneko Soldatarekin parekatzea. Aurrerantzean, astelehenero elkartuko dira. 

Udako etenaren ostean, pentsio duinak eskatzeko mobilizazioak berreskuratu dituzte gaur Azpeitian, Zarautzen eta Zumaian. Azpeitian Azoka Plazaren atarian, Zarautzen Lege Zaharren Enparantzan eta Zumaian Saregile plazaren aurrealdean elkartu dira 12:00etan, eta aurrerantzean, hala egingo dute astelehenero. Nabarmendu dutenez, pentsiodunen erosteko ahalmena gero eta txikiagoa da, eta haien aburuz, ezinbestekoa da gutxieneko pentsioak Lanbide arteko Gutxieneko Soldatarekin parekatzea.

Aldarrikapen horri indarra emateko, datozen hilabeteetan bi hitzordu garrantzitsu dituztela jakinarazi dute pentsiodunek. Batetik, urriaren 24an, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak bat egingo du Espainiako Estatuko pentsiodunek Madrilen deitu duten manifestazioarekin, eta hara joateko dei egin diete herritar guztiei.

Bestetik, azaroaren 3an, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak topaketa egingo du Gasteizen, orain arte egindako borrokaren bidez lortutako helburuak plazaratzeko eta proiektu berriak proposatzeko.

Zumaian egin duten elkarretaratzea. (Utzitakoa)

Zarautzen egin duten elkarretaratzea. (Utzitakoa)

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide