Euskal Jaietako azoka berezia izan zen atzo Ordizian, eta urtero legez, gazta lehiaketa ez ezik, fruitu, barazki eta abere lehiaketak ere egin zituzten. Eskualdeko hainbat ekoizle eta abeltzain joan ziren Goierriko herri horietara, beren uztak eta abelburuak erakustera, eta hainbat sari ekarri dituzte horiek etxera.
Sari hainbat pilatu zituen atzokoan, esaterako, Iñaki Alkorta Azpeitiko Garagartza Gain baserriko abeltzainak. Hain zuzen ere, Gipuzkoako Pirenaika arrazako abelburuen lehietan bederatzi sari jaso zituen: lehenengo bost sari, bigarrengo bi eta hirugarrengo beste bi. Gainera, hazitik sortutako alaba onenaren Aberekinen saria ere azpeitiarrarentzat izan zen.
Euskal Oiloaren XLI. lehiaketan, zilarra motako oilorik onenaren saria jaso zuen atzokoan Zarauzko Abeletxe baserriko Mikel Albizurik. Hark ehun euro jaso zituen. Gainera, fruitu lehiaketan hirugarren saria eskuratu zuen Errezilgo Mugarrieta baserriko Simon Aizpuruk; hark 300 euroko diru saria jaso zuen.
Gazta lehiaketako sari nagusia ez, hori ez zen Urola Kostara etorri; gaztandegia Araia-Asparrenen (Araba) duen Unai Lekuonarentzat izan zen. Hark lehiaketara aurkeztu zuen gaztaren erdia, ordea, bai: Iñaki Azkue oriotarrak Donostian duen El Vaskito jatetxeak erosi zuen enkantean, 5.400 euro ordainduta. Familiako kideen eta jatetxeko langileen artean jango dutela esan zuen Azkuek.