Kostaldearen xarma amu

Iraia Oteiza

Zumaiako uretan itsasontziz eskainitako bisita gidatu bat. (Geoparkea)

Hondartzez eta itsasoaz haratago, herrien nortasunak eta beren kultura ezagutzeko irrikak gidatu dituzte turisten urratsak aurtengo udan kostan.

Udako oporraldiaren amaierarekin batera, kostaldeko turismo bulegoek datu zehatzik gabe baina lehen inpresio argiekin itxi dute sasoia. Iazko bide indartsuari jarraipena emanez, bisitari asko ibili da, baina bulegoetan joera berri bat sumatu dute haien begietan, jakin-min sakonago bat. Bisitariak ez dira soilik hondartzek eta itsasoak erakarrita etortzen, Urola Kostako ondarea, kultura eta gastronomia ezagutzeko irrikaz ere bertaratzen dira.

Aurtengo udak izan duen ezaugarri nagusietako bat gertuko turismoaren indarra izan da, azpiegitura berrien bultzadarekin batera. Eskualdeko hainbat txokotan turismo bulegoak lekuz aldatu edo eraberritu dituzte, eta horrek bisitari asko erakarri ditu. Zumaian, esaterako, ekainean inauguratu zuten Turismo Bulego berria, eraikin historiko, ikusgarriago eta erakargarriago batean, lehengo kokapen ezkutua atzean utzita. Ondorioz, estatistikek eztanda egin dute han: uztailean iaz baino %76 bisitari gehiago joan dira bulegora, eta abuztuan, %40 gehiago. Hala ere, bulegoaren arduradunek zehaztu dutenez, "horrek ez du esan nahi bisitari gehiago izan direnik Zumaian, Turismo Bulegora iaz baino jende gehiago etorri dela baizik". Getarian ere antzeko olatua bizi izan dute: "Guretzat, aurten jende asko ibili da, bai euskal herritarra, baita kanpotik etorritakoa ere. Turismo Bulegoa lekuz aldatu dugu eta jende ugari etorri da".

Atzerritik etorritako bidaiaren emariaz gain, euskal herritar askok aukeratu dute eskualdeko kosta egun pasa egiteko edo oporralditxo bat pasatzeko. Orokorrean, ohiko oreka mantendu dela adierazi dute. Getarian, baina, etxekoen presentzia bereziki indartsua izan da herrian, neurri handi batean, herriko kultur eskaintza berriari esker, Elkano museoari esker: "Nabaritu dugu inguruko jende asko etorri dela museora: Tolosaldekoak, Eibar aldekoak... bertako jende asko. Atzerritik ere bai, baina bertako jendea izan da gehienbat museoa ikusteko interesa adierazi diguna". 

Etxeko bisitari horiek, kanpokoekin batera, interes berezia azaldu dute eskualdeko herrietako kulturarekiko. Turismo bulegoetan nabaritu dute jendea galdera sakonagoekin joan zaiela aurtengo uda sasoian. Getarian argi ikusi dute joera hori: "Interes handiarekin bertaratu dira bisitariak, galdera oso sakonak eta luzeagoak eginez. Euskara, herrietako jaiak, ohiturak, bisita gidatuak eta bizimodua izan dira elkarrizketa luzeenen gai nagusiak".

Bulegoen kokapen berriak ere ateak zabaldu dizkio informazio bilaketa soil bat baino gehiago den harreman sakonago bati.

Mahai ona eta ondarea

Baina, zerk erakarri ditu bisitariak aurtengo udan? Hiru zutabe nagusik pizten dute turistaren arreta: gastronomia eskaintza indartsuak, paisaiak eta ondare historikoak. Arrain usainak eta txakolinaren aparrak arrakasta handia izaten jarraitzen dute kalitatezko ostalaritza eta merkataritza bilatzen dituzten turistengan. Baina elizek, monumentuek, bisita gidatuek eta museo eskaintzak sekulako arrakasta izan dute aurtengo udan. Kulturari lotutako guneek jende fluxu handia jaso dute uda osoan, kulturari lotutako turismoa neguko kontua soilik ez dela erakutsiz eta itsasertza argazkietarako toki atsegin, lasai eta aproposa dela berretsiz. 

Zumaian argi daukate herriaren arrakasta ez dela baliabide edo leku bakar baten ondorio, eskaintza oso baten batura baizik. "Ez nuke gauza bat aukeratuko, turista beraren motibazioa ere ezberdina delako bidaia bakoitzean. Momentu ezberdinetatik igarotzen da pertsona bakoitza, eta horietako bakoitzean ez da gogo bera izaten", azaldu dute Turismo Bulegoan. "Flyscha magnetismo handiko tokia da, jende asko erakartzen duena, baina herriak baditu beste indargune asko, eta guztiaren batura hori da bisitaria erakartzen duena". 

Seinaleak eta anekdotak

Baina turismoaren tenperatura ondoen neurtzen duten termometroak bulegoetan jasotako anekdotak eta bitxikeriak dira. Aurten, Zumaian, oinezkoentzako seinale berriek eta herrigunetik kanpoko aparkalekuek lagundu dute bisitarien fluxua hobeto bideratzen, herri antolatuagoa eta oinez ibiltzeko erosoagoa eskainiz: "Oinezkoentzako seinale berriak jarri ditugu, aparkalekuak ere herrigunetik kanpo eta ongi seinaleztatuta. Seinaleei jarraituz etorri da jendea herrigunera, oinez". Antolakuntza horrekin guztiarekin, jendeak mapetatik haratago begiratu du, herrien arkitekturan eta hirigintzan arreta jarriz. 

Eskualdeko herri askotan, itsasoaren eta mendiaren arteko mugak malda handiko kaleak eta eliza bereziak sortu ditu, eta bisitari asko harrituta utzi ditu horrek. Getarian pasatutakoa da horren adibiderik argiena: "Kuriosoa da ikustea nola bisitari askok, harrituta, elizak zergatik dauden aldapa gora edo eraikinak ingurune horretara nola moldatzen diren galdetu duten. Gu ohituta gauden paisaia horrek txundituta uzten ditu kanpokoak, herriko eguneroko xehetasunak miresmen iturri bihurtuz. Asko ez gara inoiz halakorik pentsatzen jarri ere egin, baina bisitari askori kuriositatea piztu die".

Laburbilduz, Urola Kosta uda indartsu agurtzen ari da. Olatu handiena gaindituta, balorazioa argia da: kosta ez da soilik toalla eta bainujantzia, historia, herrien izaera eta txoko berezien batura dastatzeko gune bizi-bizia baizik. Turismo bulegoetan gogoratu dute eskualdearen indarra bere osotasunean dagoela: "Urola Kostako herri eta txoko guztien batura horrek erakartzen du bisitaria. Multzo horrek du egiazko xarma". 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide