Lasaoko geltoki zaharraren inguruko trenbide-armamentua eta bidea hobetzeko lanak egin dituzte

Maialen Etxaniz - Iraia Oteiza

Obrak, Lasaoko geltokiaren aurrean. (Maialen Etxaniz)

Lasao inguruan Euskotrenen autobusarekin partekatzeko prestatutako galtzada zatia kendu dute, dagoeneko ez daukalako erabilerarik ibilgailuentzat. Euskal Trenbide Sareak egin ditu obrak, eta ia amaitu dituzte. Bestetik, lurrun trenak eragindako su txikiekin kezkatuta daude trenbidearen inguruan bizi diren baserritarrak; berehalako irtenbideren bat eskatzen dute. 

Azken asteetan obretan aritu dira Urolako trenbide izandakoan, eta errail zaharrak ikusi ahal izan dira Azpeitia eta Zestoa arteko errepidearen bazterretan. Jakin-mina piztu duten lan horiek trenbidearen zati bateko erabilera hobetzeko egin ditu Eusko Jaurlaritzaren Mugikortasun Jasangarriaren sailaren barruko Euskal Trenbide Sareak. Izan ere, lurrun trenak eta ibilgailuek partekatzeko moduko bide zati bat zegoen orain arte Lasaon, ibilgailuek erabili ez eta lurrun tren zaharretan kalteak eragiten zituena. 

Euskal Trenbide Sareak Gukari azaldu dioenez, Lasaoko tren geltokiaren inguruan GI-631 errepiderako pasabide bat dago, eta pasabide horren ostean, 320 bat metroko trenbide tarte bat, hormigoiarekin eta aglomeratuarekin osatua, bere garaian gurpildun ibilgailuak trenbide zati horretatik ibili ahal izateko prestatu zena. Euskal Trenbide Sareak azaldu du aipatutako bide zatia Lasao inguruan Euskotrenen autobusarekin partekatzeko prestatutako galtzada gisa erabiltzen zela garai batean, eta trenbidea horretarako egokitu zela espreski. Urte asko dira, ordea, tarte hori ez dela galtzada partekatu gisa erabiltzen; hau da, Burdinbidearen Euskal Museoaren lurrun trenaren zirkulazioetarako trenbide gisa baino ez da erabiltzen.

Euskal Trenbide Sarearen arabera, "hormigoiztatutako eta aglomeratutako tartea ez da egokia museoko tren historikoen ezaugarrietarako, materialarekin bateragarria ez delako". Tren zaharrei eragindako kalteez jakitun eta Burdinbidearen Euskal Museoak puntu horretako trenbide armamentua hobetzeko egindako eskaerei erantzunez egin ditu obrak Jaurlaritzak. Horrenbestez, "trenbide zati hori galtzada partekatu gisa erabiltzeko moduko hormigoizko eta aglomeratuzko tarte izatetik, trenbide zirkulazio esklusiboko trenbide zati balaztatu bihurtzeko lanak" egin dituzte. Finean, aurrerantzean trenbidea soilik izango da orain arte lurrun trenak eta ibilgailuek erabiltzeko egokitutako bidea. Horretarako, hormigoizko zoladura zaharra eraitsi, lehendik zegoen trenbidea desegin eta trenbide armamentu berria muntatu dute.

Euskal Trenbide Sareak egindako obrak ia amaituta daude, eta lanok 455.242 euroko aurrekontua izan dute. 

Trenak eragindako su txikiekin kezkatuta

Azpeititik Lasaorako ibilbidea egiten duen lurrun trenak sortzen dituen txinpartak inguruko belardi eta sasietan su txikiak pizten ari dira, inguruko baserrietako bizilagunen artean kezka eta haserrea eraginez. 

Kaltetuek salatu dutenez, alerta egoeran bizi dira, trenari so, hark su txikiak piztuko ote dituen begira, gero haiek itzaltzera joateko. "Abuztuan bakarrik bost aldiz piztu du sua trenak. Egunen batean, eskuetatik alde egin, eta sute handi bat piztuko da. Azkena, esaterako, sua metro bat harago piztu izan balitz, atzeko mendi osoa erreko zatekeen", adierazi du baserritarretako batek. 

Konponbide bila ate guztiak jo dituztela diote, baina erantzunik gabe jarraitzen dute: "Udaltzaingora, udaletara, Gipuzkoako Foru Aldundira eta Eusko Jaurlaritzara joan gara egoera azaltzera, baina ez dute ezer egiten. Are gehiago, Euskal Trenbide Sareari trenbidea garbitzeko eskatu diogu, oso zikin eta sastrakaz beteta dagoelako, eta sute arriskua areagotzen duelako. Trenbidea garbitzeko dirurik ez duela esan digu; obrak egiteko, ordea, dirua soberan du", gaineratu dute. 

Udan arriskua handiagoa den arren, neguan ere arazo bera izaten dutela gogorarazi dute. "Irtenbide bila gabiltza, eta berehala izan behar du, zerbait larriagoa gertatu aurretik". 

Lurrun trenaren txinparten ondorioz erre den guneetako bat. (Utzitakoa)

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide