AEK-k euskaltegiak bete nahi ditu ikasturte berrian

Andoni Elduaien 2026ko irailaren 3a

AEK-ko ordezkarieak, atzo, Donostiako Amara Berriko euskaltegian. (AEK)

Jaurlaritzak Euskara Bonua jarri du aurten martxan, eta horri esker, A1, A2 eta B1 mailetan matrikulatzen diren herritarrek lau urtean euskara ikasi ahal izango dute 120 euro ordainduta. 

AEK-k Euskara eroso ikasi eta bizi kanpaina aurkeztu zuen atzo, asteazkena, Donostiako Ernest Lluch kultur etxean. Euskaltegien sareak mende erdia, 50 urte, beteko du aurten Euskal Herria euskalduntzeko ahaleginean, eta efemeride hori aintzat hartuta zabaldu zuen 2026-2027 ikasturterako matrikulazio epea. AEK-ko ordezkariek atzo egindako aurkezpenean adierazi zutenez, dagoeneko ireki dituzte euskaltegietako ateak Euskal Herri osoan; ehundik gora euskaltegi bete nahi dituzte.

Aurten, berrikuntza nabarmenak izango dira dirulaguntzei dagokionean, Eusko Jaurlaritzak Euskara Bonua jarri du-eta abian. Bonu horri esker, A1, A2 eta B1 mailetan matrikulatzen diren herritarrek lau urtean euskara 120 euro ordainduta ikasteko aukera izango dute. Gainera, aurreko ikasturtean A1 edo A2 maila egin eta Jaurlaritzaren dirulaguntza baliatu zutenek ez dute ezer ordaindu beharko.

AEK-ko ordezkariek nabarmendu zuten, halaber, Nafarroan ere "urrats bat" egingo dutela ikasturte berrian doakotasunerako bidean: A1 eta A2 mailetako ikasleei matrikulazioan ordaindutakoa itzulikoi diete. Ipar Euskal Herrian, berriz, formaziorako aukera eskaintzen dute zenbait enpresak, eta horietan aritzen diren langileek doan izango dituzte euskara ikastaroak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide