Kontxara sailkatzeko gosez daude eskualdeko traineruak

Enara Ariznabarreta 2026ko irailaren 2a

Emakumeen traineruak Donostiako badian, iazko Kontxako Banderan. (Arnaitz Rubio Aprea)

Gaur eta bihar jokatuko dituzte sailkatze estropadak Donostian, 18:00etan hasita. Urola Kostako ordezkariak urduri daude, baina dena emateko gogo handiarekin.

Iraila iristearekin batera, arraunaren urteko hitzordu garrantzitsuenetariko bat, Kontxako Bandera, ate joka da. Donostiako badian jokatuko den estropadak arraunaren munduko talde eta zale ugari elkartuko ditu beste behin. Sailkatze estropadak gaur eta bihar jokatuko dituzte: gaur gizonak lehiatuko dira, eta bihar emakumeak. 18:00etan hasiko da lehia bi egunetan, eta traineruek datozen bi igandeetarako txartela eskuratzea izango dute helburu. Donostiako ordezkariaz gain, zazpi ontzik baino ez dute lortuko estropada nagusian parte hartzea.

Gizonetan 24 traineru arituko dira lehian. Eusko Label ligako ontziek osatuko dute, nagusiki, lehen multzoa, eta gainerako taldeak KAE eta Galiziako ligetatik iritsiko dira. Emakumeetan, berriz, hemeretzi ontzi lehiatuko dira biharko estropadan. Euskotren ligako zazpi ontziez gain, ETE ligako lehen bi sailkatuak –Hondarribia eta Zarautz–eta Galiziako Perillo ariko dira lehen multzoan; B multzoan, berriz, ETE ligako zein Galiziako gainerako traineruak.

Guztira, eskualdeko zazpi ontzi uretaratuko dira gaur eta bihar Donostian, eta haien ordezkariekin hitz egin du Gukak.

Zarautz

Kontxako Banderak badu beste edozein estropadatik bereizten duen zerbait. Denboraldi bikaina egin arren, sailkapena ez dago inorentzat bermatuta, eta horren adibide da Zarautzek iaz bizi izan zuena. Irteeran estatxa behar baino lehenago askatzeagatik hamar segundoko zigorra jaso zuen emakumeen taldeak, eta bederatzigarren postura jaitsi zen. Aurten, arraunlariak gogotsu eta urduri daudela kontatu digu Juanjo Etxarte entrenatzaileak; izan ere, "Kontxakoa tradizio handiko estropada da". Taldea oso ondo iritsi dela dio, baina Kontxak eragiten duen presioaz ohartarazi du. "Ez dago huts egiterik, hutsegiteak garesti ordaintzen dira". Aurkari nagusitzat Euskotren ligako traineruak eta Hondarribia jo ditu Etxartek, baina ETE ligako edozein ontzik ezustekoa eman dezakeela eta Galiziatik iritsiko diren taldeen maila ezezaguna dela ere nabarmendu du.

Zarauzko gizonek ere denboraldi paregabea egin dute. Gari Uranga entrenatzaileak onartu du ez dutela "presio berezirik", izan ere, "soilik zazpi plaza daude, eta gu horietatik urruti samar gaude". Hala ere, Urangak gogorarazi du "presio gabe eta munduko ilusio guztiarekin joateak, agian, estropada ona egitea ahalbidetuko" diela. Nahiz eta Kontxara "ilusioz eta ondo" iritsi, zarauztarrak ez du uste sailkatzeko aukerarik dutenik, "amets bat" litzateke bestela izatea.

Orio

Iaz Oriok lortu zuen gizonen Kontxako Bandera, eta Arraun Lagunak izan zen emakumeenean garaile. Aurten, historia berridazteko aukera izango dute bi traineruek. Hala ere, denboraldi osoan erakutsi duten nagusitasuna minutu gutxitan defendatzea tokatuko zaie. Alde txikiek eragin handia izan dezakete horrelako estropadetan, eta horrek are gehiago estutzen du lehia.

"Arraunlari guztiok izaten dugu helburu bera: Kontxan lehiatzea", azaldu du Almudena Calvo Orioko traineruko arraunlariak. Aurten emakumeen artean dagoen berdintasunak sailkapena are zailago bihurtuko duela deritzo. Ligako estropadetan, segundo eta ehuneneko gutxiren aldeak izan dira sarri traineruen artean. "Batzutan, hiruzpalau ehunenekoren barruan egon dira lauzpabost ontzi", nabarmendu du Orioko arraunlariak, eta horregatik "edozer gerta daitekeela" uste du.

Jon Lizarralde Altxerri arraunlariak ere Calvoren sentsazio berberak ditu. Hori bai, haren taldeak egoera ezin hobean ekingo dio Kontxako erronkari. Azken hamar jardunaldiak irabazi dituzte Orioko gizonek, eta Eusko Label ligako txapela matematikoki eskuratuta dute jada. “Ezin gara hobeto iritsi Kontxako Banderara”, adierazi du Lizarraldek.

Iazko emaitzek ere baikor izateko arrazoiak ematen dizkiete mirotzei. Oriok Kontxako historiako bigarren denborarik onena egin zuen 2025ean, errekorretik hiru segundora geratu zen. Hala ere, Altxerrik zehaztu du denborak, hein handian, itsasoaren baldintzen menpe daudela. “Baldintzak ematen ez badira, ezinezkoa da”, dio. Nolanahi ere, talde sendoa dutela eta euren burua “oso indartsu” ikusten dutela nabarmendu du.

Baina Oriok ez du bide erraza espero gizonen lehian. Lizarralderen ustez, Zierbenak erakutsi du denboraldian zehar mailarik erregularrena, baina Bermeok ere erakutsi du egun onetan edozein aurkari estutzeko gaitasuna duela. Izan ere, Oriok denboraldi honetan irabazi ez dituen hiru banderak bermeotarrek eskuratu dituzte. Donostiarra, Getaria eta Hondarribia ere aipatu ditu Lizarraldek Orioren aurkari nagusien artean.

Getaria

Esperantza-ren eskifaian gaurko sailkatze estropadan dena emateko gogoz eta irrikitan daudela aitortu du Jon Larrañaga entrenatzaileak. "Ahalik eta estropadarik politena eta onena" egiten saiatuko direla aurretau du. "Denboraldi ona egiten ari gara eta aurrean gaude, erregulartasun handiarekin".

Sailkatzeko presio berezia sentitzen dutela ere azpimarratu du Larrañagak. Izan ere, sailkatzekoan, estropada bakar batean jokatzen da guztia, eta "huts egiten baduzu, ez duzu marjinarik". Eusko Label ligako lehen hamarrak egongo dira, printzipioz, goian, baina KAE 1eko lehen txalupak ahaztu gabe, eta Larrañagak hor ikusten du lehiarik handiena.

Zumaia

Telmo Deun trainerua denboraldi zaila bizi ondoren iritsiko da Kontxako hitzordura. Kike Manterola emakumeen traineruko entrenatzaileak aitortu du ilusio handiarekin ekin ziotela denboraldiari, baina bigarren zatian konfiantza galdu zutela eta egoerak okerrera egin zuela, maila galtzeraino. Hala ere, jaitsiera dagoeneko asimilatuta dute, eta Kontxako erronkari begira “nahiko ondo” ari direla entrenatzen dio Manterolak. Argi du helburua sailkatzea izango, eta horretarako estropada “borobila” egin beharko dutela bihar. Aurkariak gogorrak izan arren, Zumaiak lehiatzeko gaitasuna baduela uste du: “Azkenak gelditu gara ligan, baina ez dut uste aparteko mailarik dagoenik. Gu ere maila horretara irits gaitezke”.

Zumaiako gizonek aldapan gora hasi zuten denboraldia; hasieran, sei arraunlari besterik ez ziren taldean. Mikel Portularrume entrenatzaile berria iritsi, eta deiak egiten hasi zen, handik eta hemendik arraunlariak inguratuz, talde nahiko justua aurrera ateratzea lortuz. Iñaki Aristi arraunlariak aitortu du emaitzekin gustura daudela, eta Kontxan ere denboraldian zehar erakutsi duten maila erakustea dutela helburua. "Gu gurea egitera joango gara", nabarmendu du Aristik.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide