Udako oporraldi nagusia amaitzearekin batera, turismoaren gaineko balorazioak egiteko garaia iritsi da, aurreneko inpresioak adieraztekoa, behinik behin. Kostaldea eta euskal hiriburuak izan ohi dira bisitari askoren helmuga nagusiak, baina Urola Erdiak ere badu zer eskaini. Loiolako santutegiak milaka bisitari erakartzen ditu urtero, eta haren inguruan ere bada zer bisitatua: elizak, herrietako alde zaharrak, Azpeitiko Burdinbidearen Euskal Museoa, bidegorria, mendia edota Zestoako Bainuetxea.
Aurtengo udako lehen balantzeek, ordea, ez dute errealitate bakarra erakusten. Bisitariak ibili dira, eta bisita gidatuek harrera ona izan dute, baina Urola Erdia ez dago oraindik turismo helmuga autonomo gisa erabat finkatuta. Urola Turismoaren arabera, uztaila eta abuztua iazko mailan mantendu dira bisita kopuruari dagokionez, eta bisitarien jatorriak ohiko joerari eutsi dio: %57 Espainiako Estatutik etorri dira, %10 Euskal Herritik, eta %33 beste lurralde batzuetatik –horrela banatzen dituzte bisitarien jatorriak–.
Azkoitiko Abaraxka aterpetxeko Urrategi Alberdik aipatu duenez, udan taldeak izan dira nagusi: Gipuzkoako Foru Aldundiaren udalekuak hartu dituzte, beste udaleku batzuk ere bai, eta Kanarietako txirrindulari talde bat ere bai. Azken horiek bi hilabetetan egon dira Azkoitian, hiru multzotan banatuta. "Turista-turistak", ordea, abuztuko lehen hiru asteetan iritsi zaizkie batez ere. Eta Alberdiren sentsazioa da aurten beste urte batzuetan baino gutxiago izan direla. Duela hiru bat urte, gogoratzen duenez, telefonoa etengabe ari zitzaien jotzen, jendea ostatu bila eta inguruan lekurik aurkitu ezinik. Jendeak "desesperatuta" deitzen ziela dio, dena beteta zegoela eta erreserbarik egin ote zezaketen galdetzeko. Aurten, berriz, ez dute halako presiorik sumatu.
Horrek ez du esan nahi Urola Erdira bisitaririk iristen ez denik, baizik eta bisitari horietako asko beste helburu batzuekin datozela. Abaraxkara iristen diren txirrindulariek, adibidez, eskualdea entrenatzeko leku egokitzat jotzen dute; udalekuentzat, berriz, aterpetxearen ezaugarriak eta zerbitzuak dira erakargarri nagusiak. Turista arruntarentzat, Inaziotar Bidea eta bizikletaz ibiltzeko aukerak dira xede nagusietako batzuk.
Alberdik badu, hala ere, beste sentipen bat: eskualdea ezagutzen duten bisitariek oso balorazio ona egiten dute: arazoa, neurri batean, iristea bera da. “Hona etortzen direnek inguru hau asko baloratzen dute”, dio, baina udan mendiek edo paisaiak berak bisitariak erakartzeko duten gaitasuna oraindik mugatua dela uste du. “Kostaldera joateko asmoarekin datozenak bai, iristen dira, baina ez da hain ohikoa Urola Erdia bera izatea bidaiaren helmuga nagusia”.
Loiolatik haratago
Bisita gidatuak eskaintzen dituen Vicente Davilaren esperientziak, neurri batean, argazki hori osatzen du. Bisitetan arte hartzen dutenen artean beste herrialde batzuetakoak ere badauden arren, Espainiako Estatukoak dira nagusi. Haren ustez, Loiolako santutegiak erakarpen handia du, batez ere, erlijioari lotutako turismoan. "Milaka bisitari etortzen dira Loiolara, baina askok goiz edo arratsalde pasa baino ez dute egiten han; Loiola ikusi, eta beste nonbaitera joaten dira gero", adierazi du. Hain zuzen, hortxe dago, Davilaren ustez, Urola Erdiaren erronketako bat: Loiola bisitarientzat abiapuntu bihurtzea, eta ez helmuga bakar.
Urola Turismoak, hain zuzen, eskualde osora zabaltzen du bisita gidatuen eskaintza. Oihana Aranbarrik azaldu bezala, aurten 26 bisita gidatu prestatu dituzte guztira, eta horietatik 21 egin dira, gainerakoetan talderik osatu ez zelako. Denera, 250 bat parte hartzaile izan dituzte. Bisita gehienak Loiolan izan dira, baina ez han bakarrik: eskualdeko herri guztietan antolatu dituzte jarduerak, bertako txokoak ezagutarazteko. Eta badago datu esanguratsu bat: bisita gidatu horietan parte hartu duten gehienak Euskal Herrikoak izan dira. Aranbarriren arabera, 220 parte hartzaile inguru euskaldunak izan dira, eta horien artean donostiarrak, azkoitiarrak, azpeitiarrak eta zestoarrak nabarmendu dira. Horrek turismoaren beste aurpegi bat erakusten du: kanpotik bisitariak erakartzeaz gain, inguruko herritarrek ere ezagutzeko dituzte beren eskualdeko txokoak. Gainera, bisita gidatuek aurten izan duten harrerak erakusten du badagoela ondarea ezagutzeko interesa. Davilak azaldu duenez, normalean hamabost eta hogei lagun arteko taldeak izan dituzte bisita bakoitzean, eta oro har “oso pozik” daude jasotako erantzunarekin.
Datu horiek guztiek erakusten dute Urola Erdiko turismoak baduela oinarri bat. Badira erakargarri turistiko indartsuak, badira bisitariak eta badago eskaintza. Uztaileko eta abuztuko bisita kopuruek, gainera, iazko mailari eutsi diote. Baina oraindik ez dirudi eskualdeak bere osotasunean duen potentziala guztiz aprobetxatzen duenik. Abaraxkan, esaterako, ez dute ikusten turista asko eskualdera propio etortzen denik; Davilak, berriz, Loiolara iristen den jende askok inguruko herriak ez dituela ezagutzen ohartarazi du.
Eskualde osoa erakusleiho
Horrenbestez, aurtengo udako lehen irudiak ez du hainbeste turismo faltaz hitz egiten, turismoa nola egituratu eta bisitariaren egonaldia nola luzatu asmatzeaz baizik. Loiolara datorrena Azpeitira joatea, handik Azkoitira, Zestoako Bainuetxea baliatzea eta herrietako ondarea ezagutzea. Bide beretik, Inaziotar Bidea egitera datorrena inguruko beste baliabideekin konektatzea, edo bizikletaz ibiltzera datorrena eskualdean egun gehiago pasatzera animatzea.
Alberdik dioen moduan, etortzen direnek inguru hau “asko baloratzen” dute. Eta Urola Turismoaren esperientziak erakusten du bertakoek ere badutela beren eskualdea ezagutzeko gogoa. Beraz, Urola Erdian badago bisitariari erakusteko moduko ondarea eta badago naturaz, historiaz eta herriez gozatzeko aukera. Erronka, orain, bisitariak hori guztia aurkitzea da; ez dezala Loiolako santutegia ikusi eta alde egin, baizik eta konturatu dadila inguruan badela deskubritzeko beste mundu bat.