Talde zuria nagusitu da sanbartolomeetako herritarren herri kirol lehian

Onintza Lete Arrieta 2026ko abuztuaren 28a

San Agustin eguna dute gaur Oikian, jaietako azken eguna, eta goizetik gauera arteko egitaraua prestatu dute. Eguerdian, esaterako, herri kirol lehia polita eskaini dute bi taldetan banatutako auzotarrek. 

Gauerdian amaituko dituzte oikiarrek aurtengo San Bartolome jaiak, txin-txin herrikoiarekin. Azken egunerako egitarau oparoa prestatuta zuten, eta eguerdian, esaterako, herritarren arteko herri kirol lehiaketa egin dute plazan. 

Auzoko neska-mutilak bi taldetan banatu dira, eta nor baino nor gehiago aritu dira honako probatan: aurrena bizikletaz, pedalei eragin gabe, plazari bi itzuli ematen; ondoren trontzan bi ebaki eginez, gero giza proban hiru zintako joan-etorrian, korrika plazari sei buelta ematen, txingetan plazan joan-etorrian eta lokotx biltzen ere bai, hamabost lokotx jasotzen. Azkenik, zakua bizkarrean hartuta plazari hiru buelta eman dizkiote, eta harri zilindrikoari zortzi jasoaldi eman dizkiote. Lau aldiz egin dute hori guztia, eta berdinketa egon denez, sokatiran erabaki dituzte irabazleak: talde zuria gailendu da azken proba horretan. 

Giro ederra jarri dute kirolariek, eta ikusleek gozatua hartu dute saioarekin. 

Ondoren, plazan bertan paella jana egitekoak ziren 140 lagunentzat, eta bazkalondoan bingoa egongo da. 17:00etan, berriz, umeentzat txokoa jarriko du GUKAk, eta arratsaldean Auxtinpontinen saioa egongo da. 22:30ean jarraituko du festak Izer eta Alabier trikitilarien erromeriarekin, eta esan bezala, gauerdian agurtuko dituzte jaiak, elkarrekin topa eginez.  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide