Aurpegi berriekin ekingo dio sasoiari Iraurgi Saskibaloiak

Andoni Elduaien 2026ko abuztuaren 28a

Olaizola izango da Biele ISB zutabe nagusietako bat. (Unai Murillo)

Gizonen Biele ISBk eta emakumeen Domusa Teknik ISBk jokalari berri askorekin indartu dituzte beren taldea. Urriko lehen asteburuan hasiko da haientzat liga.

Iraurgi Saskibaloia datorren denboraldira begira jarrita dago. Azken hilabeteetan hainbat aldaketa izan dira Azkoiti-Azpeitiko saskibaloi taldean. Nagusienak, entrenatzaileenak, bai Biele ISBk, bai Domusa Teknik ISBk entrenatzaile berriak izango dituzte-eta datorren sasoian: Gorka Atxalandabaso leioarrak (Bizkaia) hartuko du Iñigo Nuñezen lekukoa Biele ISBn eta Asier Larrañaga azpeitiarrak Luis Agirre Katxi-rena Domusa Teknik ISBn. 

Biele ISBk gipuzkoarren multzo nagusiari eutsiko dio datorren sasoian ere, baina gainerakoan, asko izan dira bajak. Ierai Aizpitarte azpeitiarrak Gipuzkoa Basketera egin du jauzia, eta harekin batera utzi dute taldea Nazir Williamsek, Adria Moncanutek, Oier Ardanzak, Mohamed Niangek, Joaquin Cebollak, Thierry Sagnak eta Djibril Sakhok. Taldean jarraituko dute, ostera, Oier Inda joko antolatzaile oñatiarrak, eta hegaleko Andoni Atxa arrasatearrak nahiz Iñigo Miranda donostiarrak. Mikel Olaizola hegaleko pibot azpeitiarra, berriz, bere postuko erreferentzia nagusietako bat izatera igaroko da. Iaz lesio larria izan zuen Jordan Jermaine saskiratzaile estatubatuarra ere ISBn arituko da denboraldi berrian. Egun, errekuperazio prozesuan murgilduta dago hura, eta liga amaierarako prest egotea espero du ISBk. 

Taldea osatzeko, fitxaketa ugari gauzatu ditu ISBk. Eneko Martinez ordiziarrak (Gipuzkoa), Gonzalo Fernandez andaluziarrak eta Bradley Lightbourne bahamarrak taldearen hegalak indartuko dituzte, eta Joseba Kerejeta joko antolatzaile gasteiztarra ere Biele ISBra batu da, epe baterako kontratuarekin. Hala eta guztiz ere, Biele ISBk barruko postuak indartu ditu, batik bat. Batetik, Mark Hetor Mensah hegaleko pibot barakaldarra (Bizkaia) fitxatu du Azkoiti-Azpeitiko taldeak, eta bestetik, Lamine Badji eta Douglas Kandulu pibotak. Hala ere ISBk jakinarazi du Kanduluren fitxaketa ez dela ziurra gaur-gaurkoz. "Arrazoi pertsonalak direla eta, ez dago ziur hura etorriko denik. Klubak harremanetan jarraitzen du jokalariarekin, eta bien artean erabakiko dute zein norabide hartu", azaldu du Iraurgik.

Horiez guztien gain, Urko Arregi harrobiko jokalari azkoitiarrak lehen taldearekin egingo du denboraldiaurrea eta denboraldian ere talde nagusiaren dinamikan ariko da, sasoia Lehen Nazional Mailako taldearekin tartekatuz.

Aldaketa sakonak

Domusa Teknik ISB taldean gizonenean baino mugimendu handiagoa izan da jokalariei dagokienez. Izan ere, Jone Azkuek, Nora Arozenak, Ines Vieirak, Skylar Vannek, Cristina Villamorrek eta Elodie Lalottek utzi dute taldea. Hainbat jokalariri eutsi dien arren, taldeak aurpegi berriak gehitu behar izan dizkio nahitaez proiektuari, bajek eragindako hutsuneak betetzeko. "Talde berria eta anbizio handikoa izango dugu denboraldi berrian. Esperientzia, gaztetasuna eta harrobiko jokalarien ekarpena uztartuko ditugu", azaldu dute Iraurgiren kirol arduradunek.

Kontratua berritu duten jokalarien artean daude Alazne Lizundia taldeko kapitain azpeitiarra, Montse Gutierrez hegaleko pibot gasteiztarra eta Geraldynn Leaupepe samoarra. Fitxaketen zerrenda, berriz, luzea da. Ane Esnal joko antolatzaile donostiarra, June Carmona hegaleko aretxabaletarra (Gipuzkoa), Dayana Gutierrez hegaleko pibot donostiarra eta Alejandra Mastral Zaragozako (Espainia) joko antolatzailea dira izenetako batzuk. Kanpoko jokoa sendotzeko, Lesila Finau tongatarra fitxatu du Azkoiti-Azpeitiko klubak. Barruko jokoa sendotzeko, ostera, hiru jokalariren aldeko apustua egin du: Mame Koudhia Fall senegaldarra, Alliance Ndiba kongoarra eta Keylyn Filewich kanadarra. 

Hala eta guztiz ere, harrobiko jokalarien aldeko apustua ez du alde batera utziko Domusa Teknik ISBk: Elene Ansorregik eta Nora Arozenak lehen taldearekin egingo dute denboraldiaurrea, eta sasoian zehar ere lehen taldeko dinamikan arituko dira bi jokalari gazteak. 

Lagunartekoak, ate joka

Zaleek laster ikusi ahal izango dituzte Iraurgi Saskibaloiaren bi talde nagusiak kantxan. Urriko lehen asteburuan hasiko dute biek denboraldia ofizialki. Biele ISBk etxetik kanpo ekingo dio urteari, Basket Cartagena izango du-eta lehen aurkaria Espainiako Bigarren FEB Mailako B multzoan. Domusa Teknik ISBk, berriz, zaleen aurrean egingo du sasoi berriko aurkezpena; Unicaja Mijas taldearen kontra jokatuko dute Larrañagarenek LF Challenge ligaren lehen hitzorduan.

Hala eta guztiz ere, ligako partida horien aurretik hainbat lagunarteko eta lehia jokatuko dituzte bi taldeek. Biele ISBk irailaren 3an Zornotzaren aurka jokatuko du lehen lagunartekoa, Zornotzan (Bizkaia). Irailaren 9an, berriz, Gipuzkoa Basketen aurkako lagunartekoa jokatuko du, Azkoitiko Elkargunean. Lehen bi lehia horien ondotik, Espainiako Kopako hiru neurketa jokatuko ditu Atxandalabasoren taldeak: irailaren 13an, Azpeitian, Logrobasket Logi7 taldearen aurka; irailaren 20an, Logroñon, Reina Proteinas Clavijoren aurka; eta irailaren 26an, Azpeitian, Lobe Huesca La Magiaren aurka.

Domusa Teknik ISBk, berriz, lagunarteko bat eta Euskal Kopako partidak izango ditu jomugan ligari ekin aurretik. Irailaren 17an, Bergaran (Gipuzkoa), IDK Gipuzkoarekin neurtuko ditu indarrak Larrañagaren taldeak, eta irailaren 25etik 27ra bitartean Euskal Kopako partidak jokatuko ditu, Galdakaon (Bizkaia).

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide