Donostiako Elizbarrutiak Gipuzkoako ondare erlijiosoa zaharberritzeko eta kontserbatzeko zenbait esku hartze egingo ditu urtea amaitu aurretik, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirol Departamentuaren laguntzarekin. Guztira, hamar gunetan egingo dituzte lanak, erdiak Urola Kosta eskualdean: Aiako San Esteban elizan, Oikiako San Bartolome elizan, Azpeitiko Soreasuko Sebastian Deunaren elizan, eta Getariako San Salvador elizan nahiz Askizuko San Prudentzio ermitan.
Askotariko lanak egingo dituzte bost eremu horietan, nagusiena Askizun; izan ere, San Prudentzio ermita birgaitu egingo dute. Azken ermita horrek, hain justu, XII. mendeko aztarna arkeologikoak gordetzen ditu. Gainerakoan, Aiako San Esteban eliza garbitu egingo dute; Oikiako San Bartolome elizetako atarian saneamendu lanak egin; Azpeitiko Soreasuko Sebastian Deunaren elizako kanpandorrea sendotu; eta Getariako San Salvador elizako estalkiak saneatu.
Goizane Alvarez Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kiroletako diputatuak adierazi duenez, ondare erlijiosoa "herrien memoriaren, historiaren eta paisaiaren parte" dela. "Hori kontserbatzeak ez du esan nahi soilik eraikinak babestea, baizik eta gure komunitateak nola eraiki diren azaltzen duten testigantzak gordetzea eta hurrengo belaunaldiek ezagutzen eta gozatzen jarraitu ahal izatea bermatzea. Gure ondarea babestea lurralde kohesioa indartzeko eta kulturarako sarbidean berdintasuna bermatzeko modu bat ere bada", adierazi du diputatuak.
Kultura-ondasunen babesa
Aldundiak adierazi duenez, aipatutako jarduketa horien guztien helburua da kultura ondasun deklaratutako eta Gipuzkoako tradizio arkitektonikoari, historikoari eta sozialari estuki lotutako eraikinen kontserbazioa bermatzea. Erakundearen arabera, esku hartze horiei guztiei esker, higiezinen "narriadura geldiarazi, egonkortasuna hobetu eta balio bereziko eraikuntza eta arkeologia elementuak babestu" ahal izango dira. "Estalkiak eta eliz atariak birgaitzea bereziki garrantzitsua da iragazketak eta kalteak saihesteko, horrek arriskuan jar baititzake egiturak eta barruan dauden ondasunak".