Zestoa eta Errezil lotzen dituen GI-3730 errepidea datozen hiru egunetan itxita egongo dela jakinarazi du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Hain zuzen ere, Iraetako bidegurutzetik Bentaberrira arteko zatia da bihartik ostiralera bitartean erabili ezingo dena. Hala ere, lanorduetan bakarrik egongo da errepidea itxita, 08:00etatik 20:00etara; gauez zabalik egongo da.
Asfaltatze ekipo bat ariko da lanean eremu horretan, egun zoladuran hondatuta dauden zatiak konponduta zorua birgaitzeko helburuarekin. Dena dela, bizilagunek izango dute aukera etxera joateko zein etxetik irteteko, baina noranzko bakarrean; alegia, Etumetatik Errezilera.
Hasiera batean lanak hiru eguneko epean bukatzea aurreikusten dute, ostiralerako hain zuzen, baina aldundiak aurreratu du litekeena dela eguraldiak lanen iraupena baldintzatzea.