Txikia IV.a eta Mikel Larrañaga, bigarren eta hirugarren Urrezko Kopan

Julene Frantzesena 2026ko abuztuaren 16a

Lehian aritu ziren bost aizkolariak –Txikia IV.a ezkerretik aurrena eta Larrañaga erdian–, atzo Trinitate plazan. (Ibon Errazu)

Donostiako Aste Nagusiaren barruan, bost aizkolarik Trinitate plazan jokatu zuten atzo Urrezko Kopa. Vicente izan zen nagusi, eta haren atzetik sailkatu ziren Txikia IV.a eta Larrañaga.

Julen Alberdi Txikia IV.ak eta Mikel Larrañagak, hurrenez hurren bigarren eta hirugarren egin zuen atzo, larunbata, Donostiako Aste Nagusiaren barruan Trinitate plazan jokatutako Urrezko Aizkora Kopa lehian. Txukun egin zituzten lanak, baina ez ziren gai izan Iker Vicenteren erritmoari eusteko. Izan ere, Otsagabikoa (Nafarroa) izan zen lehiaren jaun eta jabe, hamalau kanaerdiko 31 minututan eta 47 segundotan ebaki baitzituen. 

Bigarren postua lortzeko lehian aritu ziren Larrañaga eta Julen Alberdi Txikia IV.a, baina azkoitiarrak aurre hartu zion azpeitiarrari, eta harentzat izan zen podiumeko bigarren koska. 33 minutu eta 14 segundo behar izan zituen Txikia IV.ak lanak bukatzeko, eta 45 segundo gehiago Larrañagak (33.59). Horrenbestez, Larrañagak ezin izan dio eutsi azken bi urteetan lortutako bigarren postuari. 

Bost aizkolari aritu ziren atzokoan lehian, eta Vicenteren, Txikia IV.aren eta Larrañagaren atzetik sailkatu ziren Hodei Ezpeleta Bihurri II.a (34.56), eta Julen Gabirondo ordezkatu zuen eta lanak bukatzen gehien kostatu zitzaion Xabier Zaldua (42.33). Vicentek seigarrenez irabazi du Urrezko Kopa. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide