Jesus Arregi: "Kometek espazioan utzitako arrastoak dira perseidak"

Juan Luis Romatet 2026ko abuztuaren 13a

Jesus Arregi artxiboko irudi batean. (Aikor)

Ozar izarrak ikusteko behaketak egingo dituzte bihar eta etzi Aiako Iturraran parketxean. Jesus Arregi Fisikan eta Astrofisikan doktoreak gidatuko ditu saioak. Perseida jasen garaia izanik, ozar izarrak zer diren eta horiek ikusteko zer baldintza behar diren azaldu dio Arregik Gukari. 

Ozar izarrak ikusteko Astronomia Gaua antolatu du beste urte batez Aiako Iturraran parketxeak. Jesus Arregi adituaren laguntzarekin konstelazioen behaketa egingo dute, perseiden izar malkoak deituriko meteoro jasak ikusteko. Iazko edizioaren arrakasta ikusita, aurten bi saio eskainiko dituzte: bihar eta etzi izango dira horiek, ostiralez eta larunbatez. 

21:30ean hasita, Iturraranen bertan egingo dute behaketa, eta ekintzan parte hartu nahi dutenek aurrez eman beharko dute izena. Helduek zortzi euro ordaindu beharko dute bisitagatik, eta, haurrek, berriz, sei euro. Izena emateko edo informazio gehiago eskuratzeko, 943-83 53 89 zenbakira deitu edota iturraran@gipuzkoanatura.eus helbidera idatzi daiteke. 

Bi saio horien atarian Jesus Arregirekin (Aretxabaleta, 1958) hitz egin du Gukak, eta perseiden gaineko hainbat azalpen eman ditu hark. Perseida jasen garaia izanik, ozar izarrak zer diren eta horiek ikusteko zer baldintza behar diren azaldu du.

Zer dira perseidak? 

Izar uxoak dira perseidak, baina berez ez dira izarrak. Kometak Lurraren ingurutik pasatzen direnean, isatsean daramaten hautsa galtzen joaten dira. Lurra eguzkiaren bueltan dabilenean, hauts horrekin topo egiten du, eta Lurraren atmosferan sartu eta berotu egiten da hautsa, erre. Hori da guk ikusten duguna, argitasun marratxo moduan. Ez du zer ikusirik izarrekin; fenomeno atmosferiko bat da. Azkar mugitzen den izar baten itxura izaten dutelako deitzen zaie izar uxo. 

Ez dira, beraz, meteoritoak edo zeruan dabiltzan beste gorputz batzuk? 

Ez, ez. Berez, meteoritoak handiagoak dira. Espazioan geratu den hautsa da, kometek utzi dutena, eta Lurrak bere bidean harrapatu duena, nolabait esatearren. Igurztean berotu egiten dira eskuak, eta gauza bera gertatzen da: hauts hori atmosferan sartzen denean, marruskadurarekin, airetik pasatzean, elkar jo eta berotu egiten dira, erre arte. Gure airea ez da oso dentsoa, baina atmosferak kilometro asko ditu, eta, gainera, hauts hori abiadura oso handian sartzen da, segundoko 60 kilometroko abiaduran. Halako abiadurarekin, eta hainbeste partikula egonda, elkar jotzen dute.

Urtean zehar errepikatzen den fenomenoa al da? Edo urtean garai jakin batzuetan bakarrik ikus daitezke halakoak? 

Hainbat kometak utzitako arrastoak dira, eta espazioan hortxe daude, kometa horiek pasatutako lekuetan. Urtero-urtero, abuztuaren 11 edo 12 inguruan ikusten dira perseidak; urtero errepikatzen da sasoi beretsuan. Urteko beste garai batzuetan ere izaten dira antzerakoak, baina horiek beste izen batzuk izaten dituzte. Adibidez, irailean eta urrian ere izaten dira izar uxo euriak, baita udaberrian ere. Hainbeste kometa pasatzen dira eguzkiaren bueltan egindako orbitetan, ezen urtean zehar halakoak ikusteko aukerak izaten diren.

Zergatik deitzen zaie perseidak? 

Sasoi honetakoei perseida deitzen zaie, Lurrak garai honetan Perseus konstelaziorantz doala ematen duelako. Badirudi atmosferak harrapatzen dituen hauts partikula fin horiek, Orioko hondartzako area bezalakoak edo txikixeagoak izan daitezkeenak, Perseus konstelaziotik datozela. Horregatik deitzen zaie perseidak. Horrek ez du esan nahi Perseus konstelazioa dagoen lekuan bakarrik ikus daitezkeenik; zeru guztian ikus daitezke. Baina ikusten ditugun argi marratxo horiek atzeraino eramanez gero, Perseus konstelaziotik datoztela emango lukete.

Zer toki dira egokienak ozar izar horiek ikusteko? Hiri inguruak ez dira egokienak izango, ezta? 

Baldintza bakarra da lekua iluna izatea. Zenbat eta ilunagoa, hobe, gehiago ikusiko ditugulako. Iturraran, berez, ez da lekurik onena. Zarautz eta Aia bistan ditu, eta Donostiako argia ere heltzen da hara. Aralarren, adibidez, zerua ilunagoa egoten da, eta askoz gehiago ikusiko lirateke. Aurten perseidak ikusteko egunik onena gaur da [atzo egindakoa da elkarrizketa], baina Iturraranen jarduera egiteko aproposagoa da asteburua. Dena den, asteburuan ere ikusiko ditugu dozena erdi bat. Horrez gain, konstelazioak zer diren ere ikasiko dugu hitzorduan, eta uda sasoian ikusten diren konstelazio batzuk ikusiko ditugu, baita urte osoan zer Ipar izarraren bueltan egoten direnak ere. Mila gauzaren bueltan ariko gara hizketan, unibertsoa denontzako delako erakargarria. 

Perseidak begi hutsez ikus al daitezke? Edo tresneria berezia behar da horretarako? 

Begi hutsez ikusten dira. Gainera, ez dakizu nondik aterako zaizkizun. Orduan, ez dago teleskopioekin-eta apuntatzen egoterik. Hautsa da, estrukturarik ez dute, eta haiei teleskopioarekin begira egoteak ez du aparteko interesik.  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide