Aurreikusitako moduan, ikusmin handia piztu du eguzki eklipseak Urola Kostan ere. Asko izan dira arratsalde partean batera eta bestera, mendira, muinoetara, hondartzetara nahiz ikusmira eskaintzen duten hainbat tokitara joan diren herritarrak. Bizitzan behin ikus daitekeen fenomeno astronomikoa izan da gaurkoa, eta herritarrek ez dute hitzordua galdu nahi izan.
Egunak aurrera egin ahala, auto ilarak ere sortu dira Euskal Herriko errepideetan, eta Urola Kosta ez da salbuespena izan. Izan ere, arratsaldeko lehen orduen bueltan, bi kilometroko ilarak sortu dira AP-8 autobidean, Zarautz parean. Kostako errepidean ere ibilgailuen joan-etorria ez da urria izan, eta mendateetan nahiz mendi bideetan ere antzeman da trafikoaren areagotzea.
Herritarrak erakundeen iradokizunei kasu eginda aritu dira eklipsea behatzen, oro har; izan ere, betaurreko bereziak jantzita aritu dira zerura begira. Eta aurreko egunetan nola, gaur hala; asko izan dira farmazietara nahiz beste hainbat saltokitara betaurrekoak erostera joandako herritarrak. Gaur goizean, esaterako, ilarak sortu dira betaurreko horiek eskuragarri zeuden botika hainbatetan.
Prestaketak prestaketa, 19:30 inguruan hasi da eklipsea, eta une ikusgarriena edo gorena 20:30 inguruan gauzatu da: ilargiak eguzkia ia erabat estali du. Izan ere, Urola Kostan ez da eklipse osoa ikusterik izan, eta beraz, eguzkia ez da erabat ezkutatu; ilargiak haren %99,8a estali du. 21:15ean bukatu da fenomenoa, eta nabaritu da hori errepideetan nahiz mendi bideetan.
Guka eskualdeko hainbat txokotan izan da une gogoangarriak jasotzen. Besteren artean, Orioko Kukuarri inguruan, Zarauzko Talai Mendin, Getariako San Anton mendian, Zumaiako Itzurun hondartzan, Zestoako Endoia bailaran, Azpeitiko Oñatz auzoan nahiz Errezilgo Letea jatetxearen inguruan atera dituzte kazetariek nahiz argazkilari hainbatek argazkiak.
Leku horietan denetan herritar ugari izan dira eklipsea behatzen, aulkiekin batzuk, toallak zabalduta besteak. Fenomeno metereologikoa ikusi bitartean jan-edanean aritu direnak ere izan dira, eta berriketarako tartea ere izan dute batean eta bestean elkartu diren lagun taldeek.
(Argazkiak: Juan Luis Romatet, Urtzi Oteiza, Julene Frantzesena, Mireia Galarza, Enara Ariznabarreta, Arnaitz Rubio eta Alberto Beloki)