Beste bi urtetan lehiatuko da Jon Agirre Euskaltel-Euskadi taldearekin

Juan Luis Romatet 2026ko abuztuaren 12a

Jon Agirre. (Euskaltel-Euskadi)

Txirrindulari arroarrak 2028ra arte luzatu du euskal taldearekin zuen kontratua. Kontratua berritu izanarekin "oso pozik" dagoela azaldu du Agirrek, baita Euskaltel-Euskadiko kirol arduradunak ere. Denboraldi ona ari da osatzen, halaber, eta datozen egunetan eta asteetan hainbat hitzordu izango ditu.

Jon Agirre (Arroabea, Zestoa, 1997) txirrindulariak beste bi urtez korrituko du Euskaltel-Euskadi taldearekin. Talde laranjak iragarri duenez, 2027ko eta 2028ko denboraldietan ere talde horretan lehiatuko da eskalatzailea. 

Agirrek kontratua berritzea garrantzitsua zela iragarri du Jorge Azanza Euskaltel-Euskadi taldeko kirol arduradunak. "Taldearen buru nagusietako bat izaten da errepideak maldan gora jotzen duenean eta ibilbide menditsuak iristen direnean. Gaitasun handiko txirrindularia da itzulietan eta saio menditsuetan, eta, beraz, bi urte gehiagoz taldean izateak berme handia ematen digu eskakizun handiko egutegiari aurre egiteko", azpimarratu du hark.

Arroabekoak, bere aldetik, kontratua berritzearekin "oso pozik" dagoela esan du. "Oso pozik nago etxeko taldean beste bi urtez aritzeko aukera izango dudalako. Oso gustura nago, oso polita delako etxeko taldean lehiatzea. Maillot laranja janzteak eta etxeko lasterketetan kamiseta laranjak ikusteak aurrera egitera bultzatzen zaitu, gogo eta ilusio handiarekin", nabarmendu du.

Denboraldi ona

Mendiko jardunaldietan eta itzulietan aditua, 2025ean denboraldi ederra bete du Agirrek orain arte: bigarren postua eskuratu zuen Terres de l'Ebre klasikoan, eta hamabigarren postua Beiras Sari Nagusian, hamalaugarrena Turkiako Tourrean, hamabosgarrena O Gran Camiñon eta hamazazpigarrena Esloveniako Tourrean. Burgosko Itzulian ere aritu zen joan zen astean, eta 22. postuan amaitu zuen lasterketa.

Hainbat lasterketa ditu orain jo mugan. Bihar hasiko den eta hilaren 16an bukatuko den Arctic Racen (2.Pro) parte hartuko du, eta Bretagne Classic-en (1.UWT) ere bai, abuztuaren 30ean. Irailean, berriz, Italiako klasikoak izango ditu arroarrak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide