Elizkizuna, mokadua eta jolasak, San Lorente ermitan eta haren atarian

Julene Frantzesena 2026ko abuztuaren 10a

Zestoako eta Zumaiako lurretan kokatzen den auzoko ermitan eta haren atarian ospakizunak izan dira nagusi gaur goiz eta eguerdi partean. Hainbat herritar joan dira hara, mezaz, mokaduaz, jolasez nahiz bertsolarien saioaz gozatzera. Horietako batzuk oinez igo dira auzoaren magalera.

Abuztuaren 10a da gaur, San Lorente eguna, eta izen horixe duen Zestoako eta Zumaiako auzoko ermitaren atarian festa giroa izan da nagusi goiz eta eguerdi partean.

Urtero legez, hainbat izan dira hara oinez joan diren herritarrak, baina beste hainbat autoz ere hurbildu dira. Ordurako prest zuten dena, eta 11:00etan hasi da bailarako hildakoen aldeko meza. Baselizan egin dute elizkizuna, eta hura bukatzean, atarian jan-edanaz gozatu ahal izan dute herritarrek.

Jon Maia eta Aitor Salegi bertsotan hasi dira segidan, eta bertso eta bertso artean, jolasean ibiltzeko parada izan dute gaztetxoenek. Izan ere, herri kiroletan trebatu dira horiek, ermitaren kanpoaldean izan baitute lokotx biltzen, ingudearekin nahiz harria jasotzen ibiltzeko aukera.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide