Gaur jokatu dute Irungo Urdanibia plazan Pentatloiko Gipuzkoako Txapelketa lau kirolarik, tartean Andoni Iruretagoiena Izeta VI:ak eta Xabat Olaizolak. Bada azken horrek irabazi du proba, zeregin guztiak 24 minutu eta 19 segundoan amaitu ondoren. Bigarren izan da Olaizola, 26 minutu eta 24 segundoko denbora erdietsita.
Denek ala denek lan berberak egin dituzte: 100 kiloko bolari 20 jasoaldi eman, 400 kiloko harriarekin bi plaza osatu, kanaerdiko bat eta 45 ontzako bi enbor ebaki, 50 kiloko txingekin lau plaza osatu eta korrika bi kilometro egin. Izeta izan da horiek osatzen azkarrena, eta Olaizolaren atzetik sailkatu dira Jokin Urretabizkaia eta Iñigo Zabala.
Gipuzkoako lehiaz gain, Euskal Herriko Pentatloi Txapelketako finalerako sailkatuta ere badaude aipatutako bi kirolariak, eta finala irailaren 26an jokatuko dute Azpeitiko zezen plazan. Eskualdeko herri kirolari gehiagok parte hartu zuten kanporaketan, hain zuzen ere, Jakes Iruretagoiena Izeta V.a zarauztarrak eta Julen Odriozola Txapei zestoarrak, baina ez zuten lortu finalerako txartelik.