Datorren asteazkenean, abuztuaren 12an, fenomeno astronomiko ikusgarria ikusi ahal izango da Euskal Herrian: eguzki eklipsea. Horren aurrean, eta sortu duen ikusmina tarteko, Eusko Jaurlaritzak fenomenoa behatzeko hainbat gomendio eman ditu. Erakundeak azaldu duenez, "ezinbestekoa" da babesa; izan ere, neurririk hartu ezean, behaketak atzera bueltarik ez duten lesio larriak eragin ditzake begietan. Erretina kaltetu daitekeela eta ondorioak eklipsea behatu eta ordu batzuetara agertu daitezkeela ohartarazi du.
Horregatik, babes elementurik gabe eklipsea zuzenean ez dela ikusi behar esan du Eusko Jaurlaritzak, ezta eklipse partzialak edo eraztun formako eklipseak ere. Halaber, modu inprobisatuak ez direla seguruak ere adierazi du, eta eguzkitako betaurrekoak, erradiografiak, argazkien negatiboak edo kristal ketuak ez erabiltzeko. Hain zuzen ere, eklipsea ikusteko ISO 12312-2 ziurtagiridun betaurrekoak erabiltzea aholkatu du, horiek direlako gomendagarrienak.
Berariaz prestatutako betaurreko horiek argi ikusgarriaren kopurua nabarmen murrizten dute, erradiazio infragorriak eta ultramoreak blokeatzen dituzte, eta gainera, denbora laburrean segurtasunez begiratzeko diseinatuta daude. Betaurreko horiek izanda ere, eklipseari jarraian 45 segundo baino gehiagoz ez begiratzea ere iradoki du Jaurlaritzak.
Erakundeak zehaztu duenez, garrantzitsua da betaurrekoen arauaren azken zenbakiari erreparatzea; izan ere, ISO 12312-1 erabilera orokorreko eguzkitakoena da, eta horiek ez dira seguruak eguzkiari begiratzeko. Gainera, egokiak diren betaurrekoek CE zigilua izan behar dutela ere jakinarazi du erakundeak, baita erabilera argibideak, eta erabilera iraunkorra ez bada, iraungitze data ere. Gainera, erabiltzerako komeni da pitzadurarik edo kalterik ez dutela ziurtatzea.
Betaurrekorik gabe eklipsea behatu daitekeen une bakarra zein den ere zehaztu du: osotasun fasean, hau da, ilargiak eguzkia erabat ezkutatzen duen unean. Eguzki argia agertzearekin batera, atzera betaurrekoak jantzi behar direla esan du.
Elementu optikoak
Prismatikoek, teleskopioek edo argazki kamerek argia kontzentratu egiten dute, eta ondorioz, haien erabilera arriskua handiagoa da. Gainera, tresna horien okularretik begiratzeko ezin dira eklipseak behatzeko betaurrekoak erabili. Beraz, Eusko Jaurlaritzak esan du teleskopioak edo eguzki iragazki ziurtatuak dituzten eta adituek instalatzen dituzten tresnak baino ezin direla erabili behatzeko.
Dena den, betaurrekoez gain, badira eguzkiari zuzenean begiratu gabe eklipsea modu seguruan ikusteko metodoak, eta horiek zerrendatu ditu Jaurlaritzak. Batetik, proiekzio estenopeikoa aipatu du, eguzkiaren irudia kartoi mehe bateko zulo txiki batetik proiektatzea, alegia. Bestetik, eguzki iragazkiak dituzten teleskopioakm ere balia daitezkeela ohartarazi du, eta horrez gain, erakundeek eta komunikabideek eskainitako zuzeneko emanaldiak ere izango direla gogorarazi.